Espainiako Kopako finala jokatzeko bi egun falta direnean abiatu da Athletic Madrilerantz. Gaur goizean Lezaman lan saioa egin du taldeak, eta horren ondotik, Marcelo Bielsa Athleticeko entrenatzaileak iragarri du lehen taldeko jokalari guztiak eramango zituela Bartzelonaren aurkako partida jokatzeko.
Hauexek dira, beraz, Madrilera joango diren 26 jokalariak: Iraizoz, Toquero, Aurtenetxe, Amorebieta, San Jose, David Lopez, Iturraspe, Llorente, De Marcos, Gabilondo, Koikili, Raul, Susaeta, Iraola, Zubiaurre, Iñigo Perez, Gurpegi, Muniain, Aitor Ocio, Ander Herrera, Castillo, Ekiza, Javi Martinez, Igor Martinez, Ibai Gomez eta Ruiz de Galarreta.
Arratsaldean hartu dute hegazkina, 19:00ak aldera. Bihar, berriz, Vicente Calderon estadioan lan saio ofiziala izango dute, 20:00etan. Partida futbol zelai horretan jokatuko dute Bartzelonaren aurka, etzi, 22:00etan.
Athleticek Sheraton Madrid Mirasierra hotelean hartuko du ostatu.
Athletic Hiria, etzi
Etzi irekiko dute Madrilen Athletic Hiria (Madrid Rio, Puente del Rey), partidaren egun berean. Gunea zabalik egongo da Kopako partida amaitu arte.
Hasiera batean, Athleticen asmoa Athletic Hiria bihar irekitzea zen, baina Madrilgo Udalak ez du baimenik eman.
Gune horretan prestatutako egitaraua ikusgai, hemen.
Aguirre: "Txistuak baleude, finala ateak itxita jokatu beharko litzateke"
Esperanza Aguirre Madrilgo Erkidegoko presidenteak sua piztu zuen atzo egin zituen adierazpenekin. "Ezin da onartu euskal zaleek eta zale kataluniarrek Espainiako Kopako finala ez errespetatzea. Txistu egiten badute, partida bertan behera geratu beharko litzateke eta ateak itxita jokatu".
Aguirreren esanetan, Athleticeko eta Bartzelonako zaleek Espainiako erregearekiko edo txapelketa berarekiko "errespetu falta" azaldu dezakete txistu eginda.