Pentsatzekoa da Gabon ospakizunak alaitsuagoak izan zirela Bizkaia aldean. Betekadak oparoagoak, eta bestondoa samurragoa. Gasteizen negu hasiera gogorra jasan dute, baina hau hasi besterik ez da egin. Kopa iritsi bitartean dena izango da damua, zalantza, galdera galderari. Hilabete eta erdian, otsaila erdian Kopa iritsi bitartean, ligako partidak jokatu eta prestatu beste lanik ez dute izango arabarrek, eta horietan saiatu beste erremediorik ez dute izango, egindako akatsak buruko min gaindiezin bihur ez daitezen.
Nekez ahaztuko dute Euroligako partida Bilbon, baina joan da. Salikatu dira, eta aurkariak jakinda ere, urtarrilaren 18an bueltatuko da lehiaketa hori Sienan. Hiru aste luze falta dira egun hori iristeko, eta beste zeregin batzuetan murgildu beharra dauka Katsikarisen taldeak: liga eta sailkapeneko zortzi onenen artean sartzeko erronka. Bi aste atzera, Fuenlabradan galdu ondoren, oso beltz ikusten zen panorama, baina CAI Zaragozaren aurkako partida atzeratu ostean, lagun izan zituen emaitzak, eta derbiaren atarian, garaipen bakarrera dauka Bartzelona, Kopa, denboraldiko lehiaketa politena.
Garaipen bakarrera, bai, baina erronkak zaila izaten segitzen du. Bizkaiak, etxean kalerik egin ez, eta etxetik urrun lortu beharko duelako Kopako txartela. Ligan Miribillatik kanpo jokatu dituen partida guztiak galdu dituela gogoratuz gero, zalantza sortzen da. Baskonia eta Lagun Aro, bi euskal taldeak izanen ditu aurkari Bilbon, eta bidaietan, ondoko zerrenda, hurrenez hurren: Unicaja, Zaragoza, Valladolid eta Obradoiro, Galizian. Bost garaipenekin dago Katsikarisen taldea, eta zortzi behar dira, gutxienez, zortzi onenen artean sartzeko. Litekeena da bederatzigarren garaipena ere derrigorrezkoa izatea. Seitik lau irabazi behar direla esan nahi du horrek. Akatserako zirrikiturik ez dagoela, alegia.
Derbian garaipena lortzeak halako lasaitasuna emango lioke Gescrapi. Seitik lau izan beharrean, bostetik hiru izango liratekeelako. Jardunaldiko azken partida izango da Miribillakoa, eta Bizkaia aurkarien emaitza guztien jakitun izango da jokoa hasi aurretik. Norgehiagoka interesgarriak daude urteko azken jardunaldi honetan Kopa jomuga duten taldeentzat. Manresak lan zaila du Bartzelonan, eta Cajasolek ere lanak izan ditzake etxean Unicaja menderatzeko. Fuenlabradak ere Alacant hartuko du, Gustavo Ayon gabe, eta Valentziak, aldiz, neurketa erosoagoa dauka, Valladoliden aurka Gaztelan.
Buruko indarrean kolorerik ez
Atarikoan Bizkaia da faborito argia. Inork gutxik espero zuen muturrekoa eman zion Baskoniari joan den ostegunean, eta arabarrak Euroligatik kanpo utzi. Kolpe horrek ondorioak izango ditu derrigor, batez ere jokalarien fedean. Euroliga bukatu da, eta arrakastaren olatuan bizitzen ohitua dauden jokalarientzat ez da erraza berriro bidea hastea. Kopa lotuta daukate, gainera, geratzen diren partida guztiak galtzen ez badituzte. Batzuen eta besteen premia, eta bien buruko indarra ikusita, etxean geratuko da garaipena.
Bizkaiak Baskonia nola garaitu ikasi zuen joan den ostegunean, eta antzekoa izanen da gaurko norgehiagoka. Gogorra defentsan, eta eraso jokaldi azkarrak ahal denean. Teletovic eta San Emeterio guztiz ezeztatu zituzten bizkaitarrek astebete atzera, eta antzera egiten saiatuko da gaur, bikote hori euren kemena erakusten saiatuko bada ere. Arimarik gabeko taldea da Baskonia kapitainak kale egiten duenean, eta Teletovicen lan txarrari San Emeterio gehitzen bazaio, akabo arabarren sua.
Euroligako kanporatzeak zurrumurru andana eragin du Gasteiz aldean. Klubak ez du ezer jakinarazi ofizialki Joey Dorseyri buruz, baina bistakoa da pibot estatubatuarra taldetik kanpo dagoela, ez duelako entrenatzailearen konfiantzarik. Taldeko buruak eta jokalariaren ordezkariak bildu dira dagoeneko. Maciej Lampe AEBetatik iristear da, eta azken berrien arabera, urtarrila bukaeran jokatzeko prest egongo litzateke. Halere, Baskoniako saskipean herren jarraituko luke, Lampe eta Milko Bjelica baitira pibot peto bakarrak. Dorseyk taldea uztean ordezkoren bat, etorri, etorriko da, baina Golubovicekin ikusi zen, ez dagoela aukera on eta merkerik, eta egoera ez da aldatu. Mugimendu festa horrek onura gutxi eta kalte handia egiten dio taldeari, baina zerbait egin behar da. Euroligako kolpea abisu ezin hobea da, taldea indartzen ez bada kolpe gehiago etorriko direla jakiteko.
GESCRAP B.-CAJA LABORAL
Txapelketa. Endesa Ligako 13. jardunaldia.
Gescrap Bizkaia. Aaron Jackson, Raul Lopez, Josh Fisher, Blums, Roger Grimau, Vasileiadis, Mumbru, Banic, Hervelle, Mavroeidis eta D'Or Fischer.
Caja Laboral Baskonia. Prigioni, Heurtel, Oleson, Pau Ribas, San Emeterio, Nemanja Bjelica, Teletovic, Milko Bjelica, Dorsey eta Golubovic.
Sailkapena. Bizkaia 9. postuan dago: 5-6 (-12); Baskonia 4. da: 9-3 (+71).
Tokia. Blbo Arena (8.600 eserleku)
Ordua. 22:00 (Teledeporte).
Bigarren derbiak ere asko balio du
Kopara gerturatuko da Bizkaia, gaur Baskonia garaituta ligan; ikusteke dago arabarrek kolpea gainditu duten edo ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu