Bigarren itzulia, itzuleren eguna

Fuenlabrada hartuko du Lagun Arok gaur Illunben, bolada txarra eten eta garaipenaren bidera itzultzeko

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Bigarren itzulia hasiko da gaur Lagun Arorentzat. Esanahi asko eta bereziak ditu gaur itzuli hitzak. Gipuzkoarrek bost partida galdu dituzte jarraian, eta garaipenaren arrastora, bide onera itzuli nahi dute behingoz. Itzulera gehiago. Bi donostiarren bisita, Donostiatik garaipena eraman nahi duen taldeko kide gisa. Jokalaria bata, Jon Kortaberria eskolta, eta entrenatzaile laguntzailea bestea, Jose Angel Samaniego. Biak dira funtsezko piezak euren taldean. Kortaberriak urteetan bilatutako tokia irabazi du ACB ligan, eta aurkariaren jaurtitzaileari aurre egiten trebatu da azken urteetan. Samaniego izen handiko entrenatzailea da. 1997. eta 2001. urteen artean Baskoniako entrenatzaile laguntzailea izan zen, baina azken denboraldiak Salva Maldonadoren alboan egin ditu, Kanaria Handian eta Fuenlabradan.

Biek daramate Donostia bihotzean, baina biek dute bizibidea Donostiatik urrun. Kortaberria eta Samaniego kolpe handia jaso duen talde on bateko kideak dira. Orain dela hiru aste Esteban Batista pibota saldu beharrean egon zen Madrilgo taldeko zuzendaritza. 900.000 euro jaso zituen Baskoniaren altxortegitik. Dirutza horrek bideragarri egingo du etorkizunean taldearen proiektua, sos kontuetan larri dabilen taldea. Jakin badakite taldearen kirol etorkizuna kinka larrian jarri dutela, baina nahiago izan dute apalago jardun eta soldatak ordaindu. Batistaren agurraren ondorioa berehalakoa izan da. Hiru partida galdu ditu jarraian Fuenlabradak, eta Kopatik kanpo geratu da, lehiaketa horretan sartzea esku-eskura zeukala. Liga erregularrean zortzi onenen artean bukatzea ere zaila dute, ez dutelako Batistaren zuloa estaltzeko ordezkorik bilatuko. Liga duintasunez bukatzea da espainiarren helburua, jaisteko postuen arriskua saihestea.

Horiek horrela, edonork pentsatuko luke Lagun Arok egina duela, aise irabaziko duela. Bada, ez. Bi gauza direlako Fuenlabradak behera egin duela onartzea eta talde arriskutsua dela ukatzea. Badalonan 100-86 galdu zuten, baina Valladoliden aurka, 73-77 etxean, eta Madrilen 76-75 azken unean Real Madrilen aurka. Jakingarri nahiko, serio eta tentuz jarduteko.

Zazpi puntu

Lagun Arok txukun jokatu zuen Baskonia eta Bartzelonaren aurka, eta derrigorrezkoa izango da intentsitate handi horri eustea, hala ez bada Alacanten aurka gertatu zena errepikatuko baita berriro eguerdian. Fuenlabradak joko alaia egiten du. Haren bi joko antolatzaileek, Valtersek eta Quino Colomek, asistentzia asko ematen dituzte, eta trebeak dira jokaldiak bukatzen. Batista gabe, hiruko jaurtiketa da Fuenlabradako eraso jokoko makulua. Leo Mainoldi argentinarra ikaragarri ondo ari da azken asteetan arlo horretan, eta tentuz jardun beharko dute Pankok eta Mirallesek berarekin. Saskipea Guardia, Ayon eta Biyombo gazte iritsi berriak osatzen dute.

Hirukote hori baino handiagoa eta indartsuagoa da Doblas, Miralles eta Konek osatzen dutena, eta horri etekina ateratzen saiatu behar du Lasoren taldeak. Joaneko partidan 71-64 galdu zuen Lagun Arok Fuenlabradan, eta behin garaipena lotuta, alde hori lortzen saiatu behar luke. Aste osoan kili-kolo ibili dira Lagun Aroko Domen Lorbek, Jimmy Baron eta Lander Lasa, baina hirurak jokatzeko prest izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.