Bigarren maratoia

Hogeita lau egunean jokatu beharreko zortzi partidetako lehena du gaur Athleticek etxean, Sportingen aurka

haritz gallastegi
Bilbo
2009ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Euskal Herriko bide bazterrak eta kiroldegi asko Haile Gebrselassiez josita daude azken aste eta hileotan. Behobia-Donostia herri lasterketa ate joka dabil -azaroaren 8an izango da-, eta kirolzale askorentzat urteko egun handia izaten da. Ausartagoak direnek, berriz, New Yorkeko maratoia dute begiz jota, aste bi barru jokatuko dena. Athleticen maratoia, berriz, gaur hasiko da. Ez da bizpahiru ordu iraungo duen lasterketa; Athleticek egin beharko duen partida-maratoiak 24 egun iraungo du. Tarte horretan, zortzi neurketa jokatu beharko ditu: Ligako lau, Espainiako Kopako bi eta Europako Ligako beste bi.

Guztiak izango dira partida garrantzitsuak. Europako Ligakoak garrantzitsuak dira Athleticek ez duelako urtero Espainiako Ligatik kanpo jokatzeko aukera izaten. Horregatik, bai jokalariei eta bai zaleei motibazio handia ematen diete lehia horiek. Partida bereziak dira, alegia. Espainiako Kopak familia zuri-gorrian duen garrantzia ere jakinekoa da. Zelai gutxi egongo dira lehen kanporaketatik ia beteta egoten direnak. Gainerako zelai guztiak ia hutsik ikusten diren sasoian, aste barruko futbol giro berezia izaten da San Mamesen, Kopa jokatzea egokitzen den bakoitzean. Txapelketan aurrera egin ahala, gerta daitekeenaz konturatzeko nahikoa da hemerotekara jotzea.

Baina inolako duda barik, zorionez ohikoa den txapelketa da garrantzitsuena. Jokalariek esaten duten moduan, jaten ematen duen txapelketa. Datorren urtean ere goserik ez izateko, beharrezkoak diren puntuak eskuratzen ahaleginduko da Athletic gaur San Mamesen, Sportingen kontra. Horretarako, denboraldi hasieran erakutsitako gorabeherak alde batera utzi eta erregular izatea du helburu talde zuri-gorriak. Jokalariek jakin badakite Sporting ez dela joan den sasoiko talde bera. Manuel Preciadoren taldea indartu egin da, eta defentsako lanean hobetu egin duela dirudi. Beraz, ez da aurkari samurra izango.

Hala ere, Athletic da hiru puntuak eskuratzeko hautagai nagusia. Batetik, aurkaria baino talde hobea delako. Zuri-gorriek kalitate gehiago dute lerro guztietan, eta hori lehen minututik erakutsi behar dute. Bestetik, zaleen aurrean jokatzeak ematen duen abantaila baliatu behar du Athleticek. San Mameseko harmailetan biltzen diren jarraitzaileek etengabe animatzen dute etxeko taldea, eta presio handia sartzen die aurkariari eta epailerari. Hori guztia aprobetxatu eta Sporting estutzen ahalegindu beharko da Athletic gaur.

Hutsune mordoa

Hamaikakoaren gainean zalantza gutxi dauka entrenatzaileak. Caparrosek hainbat proba egin ditu aste honetako entrenamendu saioetan, eta nahikoa argi utzi du zein jokalariren aldeko apustua egin duen aste guztian zehar neurketa berotzen ahalegindu den Sportingi aurre egiteko-gerrara datozela eta Llorenteri epaileek eskaintzen dioten babesa izan dute hitzetik hortzeraaurreko egunetan-. Atzean, Etxeita izango da Ocioren partez. Merezitako aukera izan du Zornotzakoak. Jokatu duen bakoitzean ondo ibili da. Amorebieta ere hasierako hamaikakora itzuliko da partida bateko zigorra beteta. Atzealdeko ezker hegalean Koikilik jarraituko du jokatzen, eta Iraola ordezkaezina izango da eskuinean. Zelai erdian akaso De Marcos ipiniko du entrenatzaileak. Espainiako selekzioarekin 20 urtez azpiko Munduko Kopan aritu da,eta atzera prest dago taldeari laguntzeko. Orbaiz, bestalde, osatu egin da, eta Caparrosek deialdian sartu du. Hala ere, hasiera batean aulkitik ikusiko du partidaren hasiera, lehiaketako erritmoa falta baitzaio. Aurrean, berriz, Llorente eta Etxeberria izango dira golak sartzeko arduradun nagusiak. Elgoibartarrak aurrea har diezaioke Toquerori erasoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.