Euripean jokatu zen atzo Alemaniako Sari Nagusirako sailkatzeko saioa, eta Fernando Alonsok egin zuen denborarik onena. Bi aste lehenago Silverstonen gertatu bezala, Hockenheimen ere eguraldiak baldintzatu zuen saioa. Lehorrean hasi, eta euripean amaitu zen. Pistaren baldintza aldakor horietan Ferrarikoa moldatu zen hobekien, denborak ongi neurtuz. Sebastian Vettel (Red Bull) izan zen haren aurkari nagusia, baina pistaren egoera oso kaskarra zen azken saioan, eta gidari guztiek egin zuten hutsen bat. Alonso izan zen abiadura gehien eta aldi berean huts gutxien egin zuena, eta, hala, urteko bigarren pole-a jarraian lortu zuen.
Ez du antzik denboraldi hasierako Ferrarik eta oraingoak. Lehen lasterketetan lanak zituzten Q3 sailkatze saiora iristeko. Azken bi lasterketetan, ordea, Alonsok poltsikoratu du pole-a. Egia da euripean izan direla biak ala biak, eta hor Ferraria eroso moldatzen da. Baina Alonso oso gidari sendoa da pista bustian, gainerakoak argi eta garbi gaindituz. Orain bi aste gertatu bezala, lasterketa lehorrean korrituko dute ia seguru. Saio guztietan euria izan dute lagun gidariek. Ondorioz, garai honetan ohiko diren berrikuntzak ezin izan dituzte behar bezala probatu. Horrez gain, lasterketarako datu gutxi dituzte pneumatiko lehorren inguruan, eta izan daiteke ezustekorik.
McLaren albiste iturri izan da azken bi asteetan. Batetik, galduriko nagusitasuna berreskuratzeko berrikuntza sorta eraman dute Alemaniara, baina eguraldi traketsak ez die utzi ondorio argirik ateratzen. Bestetik, Hamiltonen kontratua berritzeko elkarrizketetan dabiltza. Bi aldeek berritzeko asmoa agertu dute, baina taldearen maila kontuan izango du ezer sinatu aurretik. Sinatu duena Mark Webber izan da, baina Red Bullekin jarraitzeko. Ferrarirekin negoziatu izana onartu du, eta horrek erakusten du Massaren ordezko bila dabiltzala.
Massa eta Alonso izan ziren protagonista azken aldiz 1 Formula Hockenheimen izan zenetik. Brasildarrak espainiarrari pasatzen utzi zion taldeak hala agindu ziolako, eta horrek hautsak harrotu zituen. Zaila izango da ordukoa errepikatzea, dagoeneko Massak ondo baitaki zer egin dezakeen eta zer ez. Eta, gainera, brasildarra oso atzetik hasiko da. Beren sailkatze tokiari bost postuko zigorra gehitu behar izan zieten Webberrek —berez hirugarren—, Grosjeanek —hamabosgarren— eta Rosbergek —hamazazpigarren—, aldagailu berria behar izan zutelako.
Bigarrena ere, euripean
Alonsok 'pole'-a lortu du Alemanian, eta Vettel izango du gaur lerrokide; lehorrean jokatuko da lasterketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu