Hartu duela hamar urteko argazkia, eta Antiguako Ama-ren mastostan agertuko da Josu Elu (Ondarroa, Bizkaia, 1983). Aldea bakarra da; istriborrean aritu da urte luzez, baina aurten ababorrean kokatu du Jon Iriondo entrenatzaileak. Gustura dabil han ere: «Beste hamalau etorri, eta sobera nagoela esan arte segituko dut arraunean».
Larunbatean seigarren egin zenuten, baina ez da ohikoa.
Egia da. Larunbatean puntu dezente galdu genituen; hala ere, oso ondo gabiltza. Ordura arte bigarrenak ginen ligan, eta estropadaren ondoren Zumaiak aurre hartu zigun. Gogor borrokatu beharko dugu postua berreskuratzeko.
Denbora asko galdu zenuten bigarren luzean. Zer gertatu zitzaizuen?
Egia esan, ez dakit. Nik ez nuen arraun egin, eta, taldekideek esan didatenez, arraunean ondo egin arren ontziak ez zuen aurrera egiten. Gertatzen dirahalakoak; arraunean faktore asko sartzen dira jokoan. Lanean segitu beharra dago, ez dago besterik.
Igandekoa al zen benetako Ondarroa?
Dudarik gabe. Igandean gure benetako maila eman genuen; lehenbizikoarengandik gertuago ibili izan gara, baina arraunean gustura aritu ginen, sendo.
Emaitza onak lortzen ari zarete. Zein da gakoa?
Erregulartasuna; pare bat estropada kenduta, gainontzekoetan bandera irabazteko borrokan ibili gara, eta zakua puntuz bete dugu. Badakigu bigarrenak izateko geratzen diren estropadetan dena ondo egin beharko dugula, Zumaiak ere gorakadatxoa egin baitu azken estropadetan.
Lehen estropadan zazpigarren izan zineten. Denboraldia aurrera joan ahala, gora egin duzue?
Lehen estropada hartakoa berezia izan zen. Trinka hautsi zitzaigun, eta ezin izan genituen ziabogak ganoraz hartu. Ez dut esan nahi hautsi ez balitz irabaziko genukeenik, baina uste dut emaitza hobeagoa lortuko genuela.
San Miguel ligara igotzeko kanporaketak jokatzea duzue helburu?
Noski. Behin hor egonda, gure asmoa kanporaketak jokatzeko sailkatzea da. Hiru estropada geratzen zaizkigu, eta puntu bakarrera gaude. Azken hiru estropadak erabakigarriak izango dira.
Oro har, nola ikusten duzu liga?
Denboraldi-aurrean faborito ziren talde batzuek ez dute esperotako maila eman. Bestalde, Getaria lehen bi estropadak aise irabazita lidergoan kokatu zen. Denboraldi bikaina egiten ari dira, eta tarteak zabaltzea lortu dute. Gero bigarren posturako borrokan gabiltzan taldeakgaude, eta, haien atzetik, kanporaketak urruti baina edozein momentutan bandera irabaz dezaketen taldeak: horien artean daude Donostiarra eta Deustu, esaterako.
Zuek ere bandera oso gertu izan duzue, baina oraingoz ez duzue lortu.
Ederra izango litzateke, baina aukeran bandera baino nahiago dut sailkapen nagusiko bigarren postua lortu, kanporaketak jokatzeko. Saiakeretan segitu beharko.
Duela bost urte KAE 2 ligan zeundeten. Noraino irits daiteke talde hau?
Ez dakigu; azken urteetan ondo gabiltza, eta horrela segitzeko asmoa dugu ahal den bitartean. KAE 2 ligara jaistean hasi ginen talde hau osatzen, eta emaitza onak lortu ditugu. Orduko zazpi arraunlarik segitzen dugu, eta harrobiko mutilekin bete ditugu taldea utzi dutenen hutsuneak.
Iaz bezala, zenbait estropadatan traineruko hamalauak ondarroarrak izan zarete. Bada zerbait.
Pozik egoteko datua da. Harrobia da gure elkartearen ezaugarri nagusia. Elkartea haurrez josita egoten da, eta, adinean gora joan ahala, segitzeko hautua egiten dute askok. Batzuek utzi egiten dute 18 urte ingururekin; adin arriskutsua da. Behin adin hori igarota, arraunean segitzen duenak urteetan irauten du.
Urte asko daramatzazu arraunean. Noiz arte segitzeko asmoa?
Haurren mailan hasi nintzen, lehenago ezin baita hasi. Ordura arte, futbolean aritzen nintzen, baina lagunak ere han zebiltzalako. Haurra nintzela hasi nintzen, eta oraindik arraunean segitzen dut; nire bizia da, eta esan daiteke odolean daramadala.
Josu Elu. Ondarroako arraunlaria
«Bigarrenak izateko, dena ondo egin beharko dugu»
Denboraldi bikaina osatzen ari da Ondarroa KAE 1 ligan. Bigarren posturako borrokan dabil; San Miguel ligara igotzeko kanporaketak jokatu nahi dituzte irailean: «Aukeran, banderak baino nahiago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu