Sebastian Vettelen txanda da orain. Bera da bigarren Munduko Txapelketan, Fernando Alonsoren atzetik, herenegun Singapurko Sari Nagusia irabazi ondoren. Baina ikusteko dago zenbat iraungo duen alemaniarrak postu horretan. Bere aurretik izan direnek ezin izan dute lasterketa bat baino gehiagoz eutsi bigarren postuari. Azken lau lasterketetan lau aldiz aldatu da bigarren postuko gidaria. Mark Webber irten zen bigarren Hungariatik, Vettel Belgikatik, Hamilton Italiatik, eta orain Vettel da bigarren, ingelesa igandean erretiratu eta gero.
Alonso eta Ferrari beren lana egiten ari dira aurten. Ezin esan guztia ezin hobeto egiten ari direla, autoa ez delako onena eta estrategian hartu dituzten erabakiak ere ez direlako beti onenak izan. Baina hor goian mantentzen dira gainerakoek okerrago dabiltzalako. McLaren aukera asko galtzen ari da, batez ere Hamiltonekin. Jenson Buttonek taldearen emaitza txukundu zuen, lasterketan duen erritmo onari esker. Baina badakite txapelketarako duten gidaria ez dela Button, Hamilton baizik.
Datorren urterako kontratua sinatzeko tirabira asko izaten ari da McLaren eta Hamiltonen artean. Azkenaldian ingelesa maila izugarria ematen ari da. Taldeak, ordea, ez du asmatu autoa prestatzerako orduan. Italian Button erretiratu zen, eta Singapurren Hamilton. Bi kasuetan autoaren matxura baten erruz. McLarenek kontratua berritu nahi dio Hamiltoni, baina taldearen autoa bera da hori zailtzen ari dena. Datu kezkagarriak dira azken lasterketetan. Azken hiru lasterketatik bakarra amaitu du, eta hura irabazi. Azken bost lasterketak hartuz gero, bitan soilik amaitu du, eta bi haiek irabazi egin ditu.
Singapurren McLarenekoa eta Vettel izan ziren besteen gainetik aritu zirenak uneoro. Alonsok egin beharrekoa bete zuen, beti bezala hutsik egin gabe. Horrela irabazten dira txapelketak, erregulartasunez. Bi postu irabazi zituen aurretik zituen autoen arazo mekanikoengatik. Zortea izan zuela esan daiteke, hortaz, baina autoaren sendotasunari ezin zaio garrantzirik kendu. Ferrari autoak ez du huts egin urte osoan Alonsoren eskuetan, eta hori egindako lanaren saria da.
Bi asteko epea izango da orain Japonian lehiatu aurretik. Zirkuitu erabat desberdina da, autoaren ezaugarri desberdinak eskatzen dituena. Kontuak kontu, lasterketak aurrera doaz eta gutxiago falta dira denboraldia amaitzeko, sei, hain zuzen ere. Vettelek hamar puntu jan zizkion Alonsori igandean, baina aldea handia da oraindik, 29 puntu. Alonsori baino gehiago, bigarren postuaren madarikazioari egin beharko dio aurre Vettelek.
Bigarrenaren madarikazioa
Hamiltonek aukera galdu du txapelketan aurrerapausoa emateko, eta Vettel da orain bigarren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu