Porrot guztiak dira gogorrak, baina gogorragoak egiten dira atseden hartzeko tarterik ez daukazunean. Bilbo Basketek egunak daramatza hotela-hegazkina dikotomian murgilduta, eta non dagoen jakiteko komeriak dituela jokatuko du Manresan. Cantuko kiroldegia gauerdia jota utzi zuten ostegunean; hegazkina hartu Milanen, eta Bartzelonara. Handik ordubete pasa Manresaraino, lan saio arina, atsedena, eta bideoa gaur goizean, aurkaria aztertzeko. Ez dago ezer gehiagorako astirik. Bigarrenez, Euroliga eta ligako bi norgehiagoka uztartuko dituzte bizkaitarrek 42 orduko tartean.
Gaurkoa, gainera, partida zaila da. Plaza zaila, batez ere. Manresako Nou Congosten gain-gainean egoten dira etxeko zaleak, eta gogotik estutzen dituzte epaileak eta kontrako taldea. Manresan badakite Bilbo Basket baldar samar ari dela etxetik urrun, eta egurrean hasi nahiko dute partida, Fotis Katsikarisen jokalariek pilatu duten nekeari ahalik eta etekin handiena ateratzeko.
Javi Rodriguezek izan dezake giltza. Galiziarra modu itsusian atera zen Bilbo Basketetik, neurririk eman gabe, eta aukera faltagatik. Zauriak sendatu zaizkio nonbait, bost asistentzia pasa ematen ari baita partidako. Ondo ezagutzen du Aaron Jackson, eta jakina da hura kamustuz gero Bilbo Basketek asko galtzen duela.
MANRESA-BILBO BASKET
Txapelketa. ACB ligako seigarren jardunaldia.
Assignia Manresa. Javi Rodriguez, Hernandez, Palsson, Montañez, Hanga, Gladyr, Landry, Achara, Oriola, Asselin eta Doellmann.
Bizkaia Bilbo Basket. Jackson, Raul Lopez, Fisher, Blums, Grimau, Vasileiadis, Mumbru, Banuc, Hervelle, Mavroeidis eta D'Or Fischer.
Sailkapena. Manresa zortzigarren postuan dago: 3-2 (+4). Bilbo Basket koska bat beherago, bederatzigarren postuan: 3-2 (+2).
Lekua. Nou Congost (5.500 ikusle).
Ordua. 18:00 (Teledeporte).
Bigarrenez, 48 orduko tartean Euroliga eta liga uztartuko ditu Bilbo Basketek
Manresako Nou Congost kantxa zailean ariko da, etxetik urrun behingoz partida bat irabazteko asmoz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu