Lehen platera, babarrun gorri eltzekada, aza, txorizoa eta odolkiarekin. Bigarrena, bakailaoa tomatearekin, eta postrea, mamia. Ebakia sakarinarekin, «badaezpada». Hitzordua Adarra mendi elurtuaren azpialdean, Urnietako Besabi auzoan (Gipuzkoa). Azken zazpi-zortzi urteko bilduma egin du David Doblasek (Pedreña, Espainia, 1981), Donostiara iritsi zenetik Espainiako Kopako sailkapena lortu arte. Pentsa liteke jokalariek erotzeko moduko poztasunean murgilduta egon beharko luketela donostiarrak, baina neurrikoa da poztasuna: «Abenduan infernuan geunden, orain zeruan. Honek asko iraun dezake, edo ezer ez. Zerbait ikasi baldin badut, hori da, onean eta txarrean, neurriz jokatzea. Onean ez puztea, eta txarrean ez hondoratzea. Lagungarria da».
Horregatik, hitz-aspertuari lerroburu bat jartzeko proposamena egin, eta baiezkoa eman du: Bihar ere argituko du. Felix Iñurrategi mendizale bikainak eta gizaseme zintzoak duela dozena urte pasa esan zuen esaldi ezagun hura, gauzak norberak nahi dituen bezala etortzen ez zirenean hartu beharreko jarreraz. Doblas pozik dago Lagun Arok Kopa jokatuko duelako. «Hazten ari garen seinale. Ea urteen joan-etorrian balentria izateari utzi, eta ohiko lorpena bihurtzen den». Zuhurtzia du nagusi, ordea, bere diskurtsoan. «Lanean jarraitu beharra dago. Koparen ostean aurrera jarraitzen du Ligak, eta gure helburua kanporaketak jokatzea da. Kopan ondo aritzen garela? Ederki. Final-laurdenetan kanporatzen gaituztela? Berdin. Etorriko dira egun hobeak».
Saskibaloiak, kirol profesional guztiek bezala, ez duelako erdibiderik. «Egun batean zeruan zaude, munduko onena zara, eta biharamunean infernuan, munduko txarrena». Hamar urteko kirol ibilbidera hurbiltzen ari denaren hitzak dira. Istorio onak eta politak bezala, txarrak eta itsusiak bizi izan dituen pertsonarenak: «Atzera begirako azkar bat eginda, Donostian bi igoera eta jaitsiera bat ezagutu ditut, baina Donostiatik kanpo ere bizipen ugari ezagututakoa naiz». Une txarretatik gehiago ikasten omen da, onetatik baino. «Poztasunak dena estaltzen duelako. Igoera lortzen duzunean, akabo arazo guztiak, ez zara pasatako komeriekin gogoratzen. Zertarako? Gozatzeko unea da».
Jaitsierekin, ordea, lanak. Sufrimendua: «Handia. Jende askoren ametsa haizeak eramaten du, eta urte oso bateko lana. Izorratuenak etxekoak izaten dira, kale egin zuten izarrek beste plazaren bat bilatu zutelako. Berriro ekitea oso gogorra da, baina urteen poderioz, horretara ere ohitzen zara». Horregatik ateratzen zaio barrutik Kopak mugarri izan behar duela Lagun Arorentzat: «Hainbeste atsekabe ezagutu ondoren, pozalditxo bat oso ondo hartzen da. Harrotu gabe, baina gozatzeko aukera ederra da». Aurreko bi urteetan Kopa jokatzeko atarian geratu zen Lagun Aro, eta langa hori gainditu izanak erakusten du taldea norabide onean doala: «Jaitsiera saihestea nola edo hala saihestea zen helburua orain hiru urte, eta pixkanaka jaitsiera hitza gure solasaldietatik desagertu dela dirudi».
Doblas da, Ricardo Urizekin batera —Valladoliden ari da—, Lagun Aroren arima. Zazpi urte daramatza taldean, eta kantxako gorabeherek emandako aldarte berarekin kontatzen du Murtzian (Espainia) urtarrilaren 22an gertatutakoa. Bazkalordua zen, eta Koparako aukera aldats gora jarri zitzaion oso Lagun Arori: hamabost puntuz galtzen ari zen. Azken laurden bikainean, ordea, buelta eman zion. Emaitza pare baten laguntza behar zuen, baita etorri ere: «Palkoan zeuden Gorka Ramoneda [taldeko presidentea] eta German Cea [gerentea], eta CAI Bartzelonan galdu zuela esan ziguten. Valentzia ere hamar puntugatik galtzen ari zela Badalonan, minutu bat falta zela. Murtziako telebistak elkarrizketatu ninduen gero, eta hor baieztatu zidaten Kopan geundela».
«Eskerrak amari»
Ez omen zen ospakizun berezirik egon: «Ez ginen jantzita dutxatu. Norbaitek Peter Lorant taldekideari deitu zion telefonoz. Etxean geratu zen, lesionatuta zegoelako, eta harekin partekatu genuen ospakizuna. Mutil ona da!». Bueltako bidaian, autobuseko eta hegazkineko bakardadean Urizekin hitz egin zuen, eta Carlos Andrade taldekide ohi estimatuarekin gogoratu. Baita Araceli amarekin ere. «Ni baino alaiago zegoen!». Herriminik ez du Doblasek, hamar urte luze daramatzalako Euskal Herrian jada, baina amamina bai, handia. Pedreña jaioterria utzi zuen unearekin gogoratu da: «13 urte nituen, eta ni gazte handia nintzen, lodikotea, baldar samarra. Orduan Alfredo Salazar agertu zen, Baskoniako teknikaria, eta Gasteizera eraman nahi ninduela esan amari». 13 urte zituen Doblasek, eta behi eta abereen artean bizitzen ohituta, egun pare batean bere bizitzako erabaki garrantzitsuena hartzeko beharrean ikusi zuen bere burua: «Amak erabakia nirea zela esan zidan, askatasuna eman, eta gaur da eguna eskerrak eman behar dizkiodana hala egin zuelako».
Jakina, asko aldatu da Doblas 13 urte zituenetik. Joan den sasoitik gaurko egunera bitartean ere bai. Lauzpabost kilo galdu ditu, eta duela bizpahiru urte ez zeukan azkartasuna irabazi du. Pibot petoa izan da profesional egin zenetik, baina orain hegaleko indartsuaren postuan ere aritu zale da, asko landu baitu hiruzpalau metroko jaurtiketa. Elikadura zaintzen du —ez du ogirik jaten, eta sufritu egiten du—, eta horrek lesioak saihesten lagundu omen dio. Kontent da Sito Alonsorekin, taldean garrantzitsu sentitzen delako: «Aulkitik irteten naiz normalean, baina orain arte laguntzen ez nuen arlotan laguntzen dut, defentsan batez ere, eta pozik nago». Entrenatzailearen sekreturen bat eskatu, eta ez du zehaztasunik eman nahi izan: «Motibazioa du bere alor indartsuena».
Udan bukatuko zaio kontratua, baina ez du gai horretan pentsatu nahi. Joan den udan buruko min franko izan zuen, Pablo Lasok taldea utzi eta Real Madrilekin fitxatu bitartean taldetik kanpo ikusi zuelako bere burua. Behin Sito Alonso etorrita, irauli egin zen egoera, baina badaki merkatuak edonora bidal dezakeela, eta ez du etorkizunean sobera pentsatu nahi: «Beti esan dudana errepikatuko dut. Donostian geratu nahi nuke, baina ez dago nire esku bakarrik».
Jarrera ere aldatu du. Jakina da kantxan keinuak egin zalea dela, baina jokaera hori desagertu da ia: «Tira, nire ustez, saskibaloia ikuskizuna da %90, eta gu ikuskizun horren parte baino ez gara. Zale batzuk saskibaloiaz gozatzeko asmoarekin joaten dira kantxara, baina gehienakikuskizunaz gozatzera. Demagun keinuek onik ez didatela egiten ikusarazi didatela, eta arrazoi dute, litekeena delako keinu batzuk zatarrak izatea, epaileentzat edo beste taldeko jokalarientzat, adibidez. Kontua zera da kantxatik at pertsona normala, ordenatua eta lasaia naizela, baina kantxan erabat eraldatzen naiz». Kantxatik kanpo lasaia dela frogatzeko, etorkizunean murgilduko den lanbidea jakinaraztea baina gauza hoberik ez: maisua izanen da, eta orduan egun baino pazientzia handiagoa beharko du ikasleekin.
«Ez goaz turismoa egitera»
Ez du Kopa ezagutzen: «Salgadok eta Vidalek kontatzen dutena». Gogotsu sumatzen zaio, «berria den guztia bezala. Jokalari guztiak hotel berean, prentsaurrekoak, lan saioak, Gipuzkoako jendea Bartzelonan… Polita». Eta kirol helburua zer? «Gu ez goaz turismoa egitera. Agian zenbaitzuek Bartzelonara joatearekin nahikoa dugula pentsa dezakete, are gehiago final-laurdenetan Baskoniaren aurka jokatuta, baina gu gurera joan behar dugu. 2-8 balantzearekin geundenean inork ez zuen pentsatzen Kopa jokatuko genuela. Orain ere inork ez du pentsatzen lehen langa pasatuko dugunik. Ikusiko da». Zer esaten dio Baskoniak? «Arriskua». Gaizki omen daude: «Dena gezurra da, begiratu haien lorpen zerrenda. Irabazten badiegu bakarrik esango dut gaizki zeudela».
Elkarrizketa duela bi astekoa da, Obradoiroren aurka irabazi ostekoa. Garaipen bolada gozoan sartuta zegoen orduan Lagun Aro. Koparen atarian ez hainbeste, Valladoliden aurka distira handirik gabe irabazi ostean, eta Valentzian galdu ondoren, partida txarra jokatu ostean. Valentziako emaitzak Kopari begira eragina izan zezakeela esan da han eta hemen, baina Lagun Arok ez du berehalakoan etsiko, eta indartsu dago buruz. Indartsu izaten erakutsi dio Sito Alonsok. Azken partida galduta ere. Porrotak porrot, bihar ere argituko duelako. Bartzelonan argituko ote du?
Saskibaloia. Espainiako Kopa: Lagun Aro Gipuzkoa Basket
Bihar ere argituko du
Inork ez ditu ezagutzen Lagun Aro Gipuzkoa Basketen barrunbeak David Doblasek bezain ondo, eta horien berri eman dio BERRIAri. , Espainiako Koparen atarian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu