Bihotz kolpeka

Aurreko urteko sasoia prestatzen ari zela, Gorka Lucasi bihotzeko arteria bat itxi zitzaion. Iaz, ez zuen arraun egin, eta aurten itzuli da, erabat osatuta, non eta etxeko taldean, San Juanen.

Gorka Lucas, arraun artean, San Juan Arraun Elkartearen egoitzan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Pasai Donibane
2012ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Iazko denboraldia prestatzeko entrenamendu bat. Negu partea. Zumaia (Gipuzkoa). Telmo Deun bi traineruak uretan dira, ohiko saioa egiten. Arraunlariak arraunak astinduz, eguraldia eguraldi. Bi ontzi dabiltza Xanti Zabaletaren aginduetara. Haietako batean doa Gorka Lucas (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1985). Halako batean, mina. Ezohikoa eta handia. Pasaitarrak ezin du entrenatzen segitu.

Bularra eta min handia: hori edozein beldurtzeko modukoa da. Orduko hartan ere majo beldurtu ziren Zumaia aldean. Lucas berak kontatu du zer-nolako minak zituen: «Bularrean ematen zizkidan ziztadak bezala, egundoko mina izaten nuen». Egin zizkioten medikuek probak, azterketak eta egin beharreko denak, eta hala zioen agiriak: «Esan zidaten bihotzeko arteria bat itxi egiten zitzaidala, eta ixteak ematen zidala mina». Gaitza antzemanda zegoen. Lehen urratsa eginda zen.

Lucasek sekulako ilusioa zeukan sasoi hartan. 2010ean iritsi zen Zumaiara, bihotzeko minarena gertatu baino urtebete lehenago. Urte oparoa izan zuen, bere hasierako asmoak ez baziren bete ere: «Traineruen Kluben Elkartearen ligan egin nahi nuen arraun, eta esan zidaten Zumaian jendea behar zutela. Baina ez ninduten hartu A ontzirako, eta B ontzian aritu nintzen. Pozik, hala ere. Hiru bandera irabazi genituen, eta KAE 1 ligara igotzeko kanporaketa jokatu ere bai».

Hain gustura ibili zenez, 2010eko udazkenean, Zumaian zen berriz. Bere ametsa bete nahi zuen, San Miguel ligan arraun egin. Aukera polita zeukan, B traineruko arraunlari askorentzat egongo zelako aukera Telmo Deun-en sartzeko. Ekin zien entrenamenduei, eta gerora sortu zitzaion minarena. Ametsa kolokan. «Nik nahi nuen aurrera segitu, baina klubean ez zeuden oso ziur, bihotzeko arazo hark kezka handia eragin zien», oroitu du San Juaneko arraunlariak. Medikuetan-eta ibili zen, bat, bi eta hiru azterketa sakon egin zizkioten: «Kosta ahala kosta nahi nuen liga nagusian arraun egin, eta medikuekin ibili nintzen, bihotzeko arazoa oztopo zen edo ez jakiteko». Azkenean entzun zuen entzun nahi zuena: «Bizimodu normala egin nezakeela esan zidaten, eta jakina, kirola egiteko ere ez nuela batere arazorik».

Baina Zumaian ez ziren ausartu aurrera segitzera. Ezezko hark mindu egin zuen arraunlaria, baina konturatu zen normala zela beldurra izatea klubeko arduradunek: «Hasiera batean mindu egin ninduen ezezko hark, baina ulertzen dut zergatik esan zidaten ezetz». Azkenean, bigarren denboraldia ametsa gauzatu ezinda. Iaz, ez zuen inon ere arraun egin.

Baina egoskorra izateak alde onak omen dituela eta, Lucasek ez zuen etsi. Arraunaren elitean lekua zeukala sinetsita zegoen, eta ekinean jarraitu zuen. Etxean ireki zitzaizkion ateak: «Joan zen udazkenean, arraunlari askok utzi zuten San Juan, eta jende berria behar zuten. Orduan esan nion neure buruari huraxe zela aukera». Bai asmatu ere! Ekainaren 30ean egin zuen arraun aurrenekoz, San Miguel ligan. Bere herriko traineruan. Bihotzeko klubean. Bete du betiko ametsa.

Ametsa egia, ekainaren 30ean

«Ez nuen espero hain azkar izatea. Zierbenara joan nintzen [ligako lehen estropadara] pentsatuz entrenatzaileak ez ninduela taldean sartuko, baina titularren artean nintzen. Gainera, egundoko lana egin genuen, eta laugarren sailkatu ginen. Helmugako balizak igaro eta gero, laino batean nengoen, ezin sinetsita: «Hunkitu eta dena egin nintzen. Debuta egin nuen elitean, eta gainera, herriko ontzian, egundoko estropada eginez». Aurreneko ametsa gauzatu eta gero, beste batekin dabil bueltaka orain: «Bandera bat irabaztea handia litzateke».

Ez harritu egunen batean lortzea. Egun hori, aurki izan daiteke, gainera. Dotore eta fin dabil San Juan: «Oso gustura gaude. Entrenatzailearekin pozik gara, arraunlarien artean egundoko giroa dago, eta kuadrilla gaztea gara». Itxaropentsu segitzeko eta bigarren ametsa lortzeko heldulekuak ditu Lucasek. Beste bat ere gehitu dio: «Arraunean urte dezente daramatzagu ia denok, eta laguntza handia da hori».

Berak berandu antzean ekin zion. «17 urterekin hasi nintzen arraunean. Aurretik, futbolean jokatu nuen. Lagunak ere futboleanzenbiltzan, eta egun batean, arraunean hastea erabaki zuten. Nik futbolean segitu nuen... baina gero jarraitu egin nien». Duela hamar urte murgildu zen tostetan, etxean, jakina. Gazte mailan urtea egin eta gero, seniorretara igo zen, baina ez zuen lekurik izan herriko ontzian: «Orduan, Pasai Donibane zuen izena klubak, eta hitzarmena zuen Ur Jokorekin, traineru bateratua ateratzeko beheko ligan. Han egin nuen debuta, eta txukun moldatu ginen». Gero, Trintxerpen aritu zen, eta handik jo zuen Zumaiara.

Etxean da berriz. Arraun kolpeka uretan bidea irekitzen dio traineruari, eta bihotz kolpeka itxi egiten zaion arteriaren arazoa erabat ahaztu du: «Ez naiz oroitu ere egiten. Ahaztuta daukat, eta ez dit beldurrik ematen. Medikuen diagnostikoa hor dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.