Kontxako bandera (E)

Bihotz taupadak dantzan

Arraun Lagunak eta Orio dira faboritoak bandera irabazteko. Bien arteko lehian, donostiarrek 1,64 segundoren aldea dute. Maialen Arrazola arraunlari ohiak dio estropadan nagusitzen denak bandera lortuko duela.

Arraun Lagunak-eko arraunlariak, uretatik irteten, pasa den igandean. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Mikel O. Iribar.
2021eko irailaren 12a
09:28
Entzun

Uda osoan bi talde aritu dira bereziki nor baino nor gehiago. Kontxako Banderako lehen jardunaldian ere, nahiz eta txanda berean ez izan, bien arteko lehia erakutsi zuen kronometroak. Donostia Arraun Lagunak eta Orio dira bi arraun talde horiek, eta bigarren jardunaldian ere, itxura guztien arabera, gidoi bera errepikatuko da. Ikusi beharko bandera preziatua emakumezkoen arraunaren historian lehendabizikoz Donostian geratzen den, ala hirugarrenez erreskadan Oriora joaten den (10:00, ETB1).


1,64 segundo besterik ez daude bi ontzien arteko lehian , Lugañene-ren alde. «Hutsaren hurrengoa», Maialen Arrazola (Donostia, 1985) arraunlari ohiaren arabera. San Juanek izan zituen urterik loriatsuenetan Erreka traineruko tostartean zen Arrazola; lau aldiz irabazi du bandera preziatua. Ibilbideko azken bi urteak Donostiarran eman zituen, eta, hain justu, talde horri erreferentzia egin dio. «Nahiz eta Arraunek eta Oriok bandera irabazteko aukera gehienak dituzten, Donostiarra ez nuke bazterrean utziko. Halere, zaila izango du». Lehendabizikoarengandik 8,62ra dago Torrekua.

Itsasoa aurreko igandean baino zertxobait nahasiagoa emanda dago: metro erdi pasatxoko olatuak daude iragarrita, eta haizeak ipar-ekialdetik joko du, orduko zazpi kilometroko abiaduran, batez beste. Atzetik dagoenarentzat egoera iraultzeko nahikoak al dira naturaren baldintza horiek? «Mugituxeagoa egongo da, hori seguru. Segundo eta erdi ateratzeko nahikoa izango dela uste dut», dio Arrazolak.

Ohiko legez, kale zozketak ere emango du zeresana. Ausartu egin da Arrazola. «Lehendabiziko kalea, behintzat, ez dut gustuko». Lehen jardunaldian gertatu zena izan du helduleku jarrera hori arrazoitzeko: «Lehenengo eta bigarren kaletik motelago ateratzen ziren hirugarren eta laugarrenetik baino». Horretaz gain, aurreneko kale horrek ez dizkio oroitzapen gozorik utzi arraunlari ohiari; aurreko urtean kale horretatik joan zen Donostiarra, Arrazola hankeko ababorrean zela. «Hasierako txanpan kolpeka eraman genuen ontzia, alboan zeuden motorren ondorioz. Eta gero, itsaslasterrak balaztaren funtzioa bete zigun; ontziari olagarro batek heldu balio bezalakoa zen, ikaragarria».

Emakumezkoen ontziak itsaso zabalera irteten ez direnez, kaleen artean aldeak «handiagoak» direla nabarmendu du Arrazolak. «Ziaboga eman aurreko azken zatia da okerrena; hor ateratzen dituzte aldeak».

Arraunketa ez galtzea gako

Kaleak kale, Arrazolak garbi du: «Arraun egin behar da». Eta hau gehitu du: «Gaurko estropadan nagusitzen denak irabaziko du Kontxako Bandera». Horretarako, semaforoa berde jarri eta helmugara arte, arraunlariek bihotza bero baina burua «hotz» mantentzea «gakoa» izango da, haren esanetan. «Antsietaterik gabe arraun egin behar dute, eta euren arraunketan konfiantza izan». Horri garrantzia eman dio: «Hasierako txanpa egitean, zaila izaten da palakadaren erritmoa jaistea, atzean geratuko zaren beldur zarelako». Minutuko 34 eta 35 palakadako erritmoan joan ohi dira talde gehienak. «Erritmo horri eustea inportantea izango da».

Estropadako une jakin bakoitzean akats txikiren bat eginez gero, nahikoa izango da segundoa galtzea. Arrazolak ziabogetan jarri du arreta. «Ziabogatik lehena ateratzen denak tartea zabaldu dezake lehen olatuarekin». Azken luzean, patroiek erantzukizun handia izango dute kale batera edo bestera joateko. «Ostera, zure alboan zein duzun, eragotzi ahal dizu». Arraun eta Oriorekin batera Donostiarra ariko da, eta Hondarribiak epaile lanak egingo ditu. Haien aurretik, ondorengo lau taldeek izango dute lehen txanda jokoan: Tolosaldeak, Hibaikak, Deustuk eta Chapelak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.