Saskibaloia. ACB ligako finalerdiak. Caja Laboral Baskonia 82. Real Madril 79

Bihotzak dardarka

Baskoniak ikaragarri sufritu du, luzapenean 2-1ekoa lortzeko; errebotean mina egin du Real Madrilek, defentsan bikain arabarrakNemanja Bjelicak hautsi du partida, baina Oleson izan da onena, Carroll ernegatuta

Andoni Urbistondo.
2012ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Caja Laboral Baskonia. Prigioni (4), Oleson (17), San Emeterio (6), Teletovic (14), Lampe (7)—hasierako bostekoa— Heurtel (2), Ribas (7), N. Bjelica (14) eta M. Bjelica (11).

Real Madril. Llull (12), Singler (10), Suarez (3), Velickovic (13), Begic (8)—hasierako bostekoa— Rodriguez (19), Carroll, Pocius (2), Reyes (4), Mirotic eta Tomic (8).

Markagailua. 15-13, 32-30 (atsedenaldian); 54-47, 69-69; eta 82-79 (luzapenean).

Epaileak. Bertran, Perez eta Araña. Faltengatik kanporatu zituzten Real Madrileko Tomic eta Singler.

Bestelakoak. 13.615 ikusle inguru Buesa Arenan, ACB ligako finalerdietako hirugarren partidan.

Baskonia ikusteko gogoa duten bezeroentzat oharra jartzeko gomendioa eman beharko litzaieke txartelak saltzen dituzten langileei: erosleei ikuskizuna bihotzerako kaltegarria izan litekeela ohartaraztea. Bihotzekoa izateko modukoa izan baitzen finalaurreko lehena, Buesa Arenako lehen dema. Baskoniak ia-ia ezinezkoa zena lortu zuen. 56-62 zegoen behetik, partida bukatzeko lau minutu eskas falta zirela. Real Madrilek sekulako laugarren laurden hasiera egin eta arabarrak itotzear egon zen. 0-12ko partziala lortu zuten Lasoren mutilek, eta Baskonia, aldiz, lehorte latza jasaten: bost minutu sakiratu ezinik.

Erreakzioa Mirza Begicen eskutik etorri zen. Bai, Real Madrilen pibotari esker. Inoiz egin behar ez den falta arriskutsua egin zion Nemanja Bjelicari, eta ondorengo liskarrean, San Emeteriorekin muturtu eta egotzi egin zuten epaileek. 62na berdintzea lortu zuen Prigionik, baina ondoren Llullek gauzak bere lekuan jarri zituen. Bi barneraketa bikain, eta puntu bateko hiru jaurtiketa, eta 65-69 azken minutuaren barruan. Milko Bjelicaren bikoa, Real Madrilek kale eta azken jabetza osoa Baskoniarentzat. Baloia dakienari, Pablo Prigioniri, eta astebete atzera Bilbon egibdako jokaldi berbera: barneraketa, bi puntu eta luzapena.

Ordurako aulkian ziren Begic, Tomic eta Singler, eta bukaera lasaixeagoa izango zela zirudien. Bai zera! 73-69 aurreratu zen Baskonia, baina Real Madrilek bikain erantzun zuen: bi hiruko Rodriguez eta Velickovicek, eta 75-76. Orduan finalaurreko jokaldia izango dena etorri zen: Teletovicek hirukoa kale, eta Nemanja Bjleicak errebotea zeruan. Saskia txikitu eta puntu gehigarria. Felipe Reyesek berdinketa lortuta ere, Olesonek eman zion errematea Real Madrili. Ikusgarri aritu zen Alaskakoa, bai defentsan, Carroll ernegatuz, baita erasoan ere: 17 puntu eta 24ko balorazioa, denetan onena.

Partida kaskarra

Bestelakoan, nahiko eskasa izan zen partida. Huts asko erasoan, berekoikeria zantzu dezente arabarren aldetik, eta Baskonia errebotea irabazi ezinik. Min handia egin zuen Real Madrilek erasoko errebotean, 15 hartu baitzituzten (48 denera). Eskerrak Ivanovicen taldearen defentsa aparta izan zela. Real Madrilek arazo asko izan zituen korrika egiteko, eta saskiratze errazak lortzeko. Bere onetik aterata, opari asko egin zituen Lasoren taldeak: emandako 19 baloi.

Finala garaipen bakarrera du Baskoniak orain, baina erabat hobetu behar du bere jarduna: hirukoetan, pazientziaz jokatuz, eta batez ere errebotea ixten. Real Madrilek oso txukun jokatu zuen tarteka, batez ere partida galduta ikusi zuenean. Baskoniak partidak bukatzen ere ikasi behar du. 54-47 bukatu zen hirugarren laurdena, eta luzapena jokatu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.