Philippe Montanierren jarraipenerako mugarria jarri zuen Iñigo Martinezek Sevillako Benito Villamarinen zelai erditik egindako xabalina jaurtiketak. Segidako jardunaldian, Malaga garaitu zuten txuri-urdinek, eta bi garaipen horiekin denboraldi osorako arnasaldia hartu zuen frantziarrak. Une garrantzitsu hura gogoan iltzatuta daukate Zubietako ordezkari nagusiek. Horregatik nabarmendu dute azken egunetan Betis mendean hartzeak izango lukeen eragin baikorra. Izan ere, Realak denboran arrastaka dakar etxetik kanpoko ezinaren pisua. Derbia irabazi zen moduan irabazteak ziur indarra eman diela jokalariei, eta emozio bultzada handi horretaz baliatu nahiko dute pentsaera gogortu eta aurreko sasoiko bihurgune berbera hartzeko. Aldaketa nabarmen batekin, hori bai. Aurreko sasoikoak entrenatzailearen tokia ziurtatu zuen, eta oraingoak haren egitasmoari zukua ateratzeko balioko luke. Koska bat igotzeko.
«Sevillan gertatutakoa mugarria izan zen. Bi neurketa jarraian irabazteko balio izan zuelako. Derbikoaz beste hainbeste esan ahal izateko, maila onean jokatu eta emaitza baikor bat atera beharrean gara», zioen atzoko agerraldian Montanierrek. Edozer eraikitzeko porlana behar izaten baita. Horren bila zelairatuko dira txuri-urdinak.
Entrenatzaileak onartu zuenenez, Athletic mendean hartu zutela-eta aldagela barruan ez du sumatu aparteko poztasunik. «Aurreko astean ongi jokatu izanak ez du esan nahi hurrengoan bide beretik jarraituko dugunik. Etxetik kanpo puntu premian gaude, eta Betisen baitan bildu dute gogoa jokalariek. Inolako euforiarik gabe».
Imanol Agirretxek ez du jokatzerik izango, aldaka inguruan haragi etena izan baitzuen herenegun. Diego Ifran itzuli zen deialdira. Montanierrek behin baino gehiagotan erakutsi du aurrelari peto-petorik gabe jokatzeko ez duela inolako arazorik, eta ez dirudi uruguaitarrari aukera emango dionik. Urrutira joan gabe, Levanteren zelaian Antoine Griezmann izan zen jokalaririk aurreratuena. Baliteke bide horretatik jarraitzea, Carlos Velaren parte hartzearekin, hori bai. Xabi Prietorekin osatuko luke aurrealdeko hiruko hortza. «Agirretxeren hutsunea lastima izan da, baina irtenbideak baditut. Futbolari finak dira, gainera». Badu bai non aukeratua. Bi uruguaitarrak, esaterako, Chory Castro eta Ifran, aukeraren zain baitaude.
Bestelakoan, pentsatzekoa da joan den larunbatean ondo aritu zirenen alde egitea. Estradak, Mikel Gonzalezek, De la Bellak eta Markelek orain arteko minutu guztiak jokatu dituzte. Iñigo Martinez, Illarramendi eta Zurutuza ezinbestekoak dira frantziarraren marrazkian. Eñaut Zubikarai egongo da atepean.
Antzeko bi talde aurrez aurre
Gorabehera handiak izan eta gero, 47 puntu batu zituzten aurreko sasoian Realak eta Betisek. Azken orduko sufrikariorik gabe eutsi zioten mailari. Orain ere berdinduta daude, bederatzina punturekin. Pepe Mel entrenatzaileak joko erasokor, erakargarri eta ausartaren aldeko apustua egin du. «Baloia erabiltzeak lanak errazten ditu», adierazi du behin baino gehiagotan. Montanierren pentsaera berekoa da.
«Miretsi egiten dut Reala», adierazi du Melek. «Bi aldeen arteko harremana zoragarria izateaz gain, harrobiaren zainketan ere bat gatoz». Montanierrek ere hitz ederrak izan zituen harentzat. «Mugikortasun handiko aurrelariak ditu Betisek, oso bizkorrak direnak. Jokalari askorekin ateratzen da erasora, gainera. Defentsa lan indartsu eta eraginkorra egin ezean, jai izango dugu. Neurketa betea egitea eskatuko digu, ziur, aurkariak. Athleticen erreferentzia daukagu zer-nolako maila eman behar dugun jakiteko».
Fabriziok ekin zion denboraldiari Betisen atepean, baina baztertu egin zuen Melek. Castok, berriz, txartel gorria ikusi zuen joan den astean Malagan, eta Adrian gazteak Lehen Mailan debutatzeko aukera izan zuen. Adrianek berak jarraituko du.
Bihurgune bera parean
Philippe Montanierrek azpimarratu du Athletici irabazi izana «mugarria» izango dela gaur Sevillan emaitza ona lortuz geroCarlos Velak jokatuko du Agirretxeren tokian, eta Diego Ifran zerrendan sartu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu