Traineruen Kluben Elkarteko araudian jartzen du ligako klubek estropada bana antolatu behar dutela. Herri bakoitzak bere ezaugarriak dauzka, eta, zenbait lekutan, itsasoan bota daitezke estropadak. Baina beste hainbat lekutan ez; ibaian egin behar. Horixe da Portugaleteren kasua, eta gaur (18:30), San Miguel ligako kirolariek ibaian egin beharko dute arraun.
Ez zaie gustatzen han ibiltzea. Eremua zeharo baldarra da, kale batzuetatik besteetara egundoko aldea egoten delako. Horregatik, kale zozketak zeresan handia izaten du. Ordezkarien bilera horretan hasten da erabakitzen zein ontzi ibiliko den ongi eta zein gaizki. Ez zukeen hala beharko, arraunlarien lan gogorrari errespetua ukatzea baita, baina erabakiak hartuta daude, eta hartuta dauden neurrian, bete egin behar.
Ligako eremu bihurrienean eta ura gora emanda dela jokatuko dute estropada. Zenbat eta beranduago jokatu, ur gehiago arraunak astintzeko. Horrek esan nahi du lehen txandakoek etekin gutxi atera beharko lioketela gaurkoari. Beste bereizgarria kaleen arteko aldea da. Portugaleten, normalean, bi kale izaten dira onak, eta bi txarrak. Bi onenen artean bat hobea izaten da, eta txarrenen artean, bat txarragoa. Biharko, baldintzak eta kontuan izanik, laugarren kalea izan daiteke onena. Hirugarrenari ere etekina ateratzeko aukera egon daiteke. Beste muturrean daude aurreneko eta bigarrengo kaleak. Kaleen zozketan, kea dariela egongo dira bola txoak... eta ordezkariak.
Ligako sailkapenaren arabera banatuko dituzte txandak. Aurrenekoan ariko dira lau azkenak: Pedreña, Astillero, Portugalete eta Zierbena. Bi espainiarrek zortzina puntu dituzte, Portugaletek lau dauzka, eta Zierbenak bi. Estutasunaren txanda da. Zierbenaren kasua da esanguratsuena. Aurreko asteburuan, bi estropadetan, azkena izan zen, eta premia gorria du puntu gehiago batzeko. Kale zozketan, kalerik txarrena tokatzea bakarrik falta zaio... Portugalete etxean ariko da, eta eman beharko du aurrekoan baino zerbait gehiago. Zain-zain izango ditu jarraitzaileak, estropada ona gaur bertan ikusteko irrikaz. Ligaren hasieran, gaia bazuela esaten zen, eta orain, berriz, zalantzek estutu ote duten ari da zabaltzen bazterretan. Hasiera baino ez da, eta seinale txarra litzateke urduritasunak gaina hartzea.
Bigarren txandan, lasaitasun handiagoa dago. Liga hasi aurretik, makina bat entrenatzailek nahi zuten txanda horretan egon, lasaitasuna izate aldera. Laurentzako lekua bakarrik dago, ordea. Oraingoz, ligako emaitzei erreparatuz, Tiran, San Pedro, Zumaia eta Castro daude hor. Laurek erakutsi zuten aurreko asteburuan maila polita daukatela, eta itxura on hura berriz ematen saiatuko dira. Jakina, kaleen komeriak pairatzen ez dituztenek errazago izango dute.
Traineru berrientzat, egokia
Azkeneko txandan bilduko dira lehenengo asteburuko oilarrak: Kaiku, Hondarribia, San Juan eta Urdaibai. Eremua normala eta fidagarria balitz, ligako liderra izango zen faboritoa, baina egun batean bai eta bestean ez egiten abila denez, beste hirurak ezingo ziren baztertu. Baina eremua den bezalakoa da, eta ezin aldez aurreko iragarpenik egin. Hori bai, txandako bi azkenak dabiltzala erne, bigarren txandako onenek aurrea hartzeko arriskua ez baitute aparte izango.
Azkeneko txanda horren beste bereizgarria ontzietan egongo da. Amilibia ontzigilearen azken lana zeresana ari da ematen, eta Kaikuk ez ezik, San Juanek eta Hondarribiak ere badute [baita San Pedrok ere]. Ibaian izanik estropada, azkar ibiltzeko moduan izango dira. Ikusi egin beharko da Hondarribiak erabiltzen duen edo ez, asteon jaso baitu berria.
Bihurrietan bihurriena
Portugaleten jokatuko dute, gaur, San Miguel ligako hirugarren estropada, eta edozein emaitza atera daitekeEremua zeharo baldarra da, eta kaleen arteko aldea erabakigarria izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu