Vueltari beste buelta bat eman diote antolatzaileek. Ikuskizunaren izenean. «Etapa amaiera ikusgarriak nahi ditu zaleak». Javier Guillen Espainiako Vueltako zuzendariaren esanak dira horiek. Zaleen begietara ederra izan zen iazko Vuelta —gehienek gogoan izango dute oraindik Juanjo Cobok eta Christopher Froomek 17. etapan Peña Cabargan gora emandako ikuskizuna—, eta beste bihurritu bat hartuta dator aurtengoa. Zazpi etapa amaituko dira mendatean, eta horietatik amaiera bakarra da etzana, Fuente Den (Kantabria) amaituko dena. Zazpi horietatik kanpo daude Arrateko santutegian amaituko dena, hirugarren etapan, eta Jakan eta Dumbrian Ezaroko begiratokian amaituko direnak. Bizpahiru kilometroko aldapa itoak dira azken bi horiek.
Hamar amaiera gogor, taldekako erlojupeko motz bat, eta 40 kilometroko erlojupeko bakarra, Cambados eta Pontevedra artekoa, Galizian. Igotzaileek eurek ere onartu egin behar izan zuten atzoko aurkezpenean goxoki baten parekoa dela eurentzat 2012ko Espainiako Vuelta. Hori bai, 16,2 kilometroko taldekako erlojupeko arriskutsua izango dute izerditan hasteko. Hemezortzi urteren ondoren, Iruñetik abiatuko da aurtengo Vuelta, Gaztelu plazatik, abuztuaren 18an, eta ia lau etapa osorik egingo dituzte Euskal Herrian.
Zezenik gabeko entzierroarekin abiatuko da Vuelta, taldekako erlojupekoak entzierroaren ibilbide berbera egingo duelako azken metroetan, Iruñeko zezen-plazara iritsi arte. Bigarren etapa Iruñea eta Viana artekoa izango da, eta hirugarrena Oion eta Arrateko santutegiaren artekoa. Esprinter petoentzat amaiera dauka arriskutsua Vianako etapak. Vuelta irabazteko faboritoek, berriz, irabazi, ez dute denbora gehiegi irabaziko Arraten, baina baten batek nahi baino gehiago galduko du. Hirugarren aldiz iritsiko da Vuelta Arrateko gainera.
Laugarren etapa ere Euskal Herritik abiatuko da, Barakaldotik, abuztuaren 21ean. 51. kilometroan Urduña lehen mailako mendatea igo beharko dute txirrindulariek, eta Valdezcarayn amaituko da gero etapa. Logroñoko zirkuituan lau itzuli eman ondoren, Vueltako antolatzaileei gustatzen zaien amaiera edukiko du seigarren etapak, Jakan amaituko denak. Izan ere, tartean %20ko batez besteko aldapak dauzka Rapitango gotorlekura doan hiru kilometroko errepideak. Joaquim Rodriguez, Alejandro Valverde, Igor Anton, Juanjo Cobo... Leherketa polita izango da azken aldapa horretan.
Eta lehen asteko berotua amaitzeko, kolore banatako hiru etapa egongo dira zain. Motor tartean, esprinta behar luke Alcañizen, Motorland Aragoi zirkuituan, amaituko den etapak; Comella bigarren mailakoa eta Collada de la Gallina (Andorra) lehen mailakoa elkartuta, gogorra izango da larunbatekoa —%18ko batez besteko aldapak daude azken igoera horretan—; eta tentsio handia sortuko du Montjuicera igo ondoren Bartzelonan amaituko denak.
Galiziako ibilbide gaiztoa
Hegazkina hartu, eta Kataluniatik Galiziara arteko bidea egingo du Vueltak abuztuaren 27an, lehen atseden eguna baliatuta. Eta Galizian barrena ibiliko dira hurrengo lau etapetan. Euskal Herrian bezala, nekez aurki daiteke Galizian kilometro bateko ordeka gunea, eta errepideak adinako mina egingo du haizeak, kostaldetik gertu ibiliko direlako gehienean. Sailkapenean lehen aldetxoak sortuta, ihesaldiak gorpuzten hasteko aukera edukiko dute Ponteareas eta Sanxenxo artean.
Baina faboritoek indarrak gorde beste erremediorik ez dute edukiko, Cambados eta Pontevedra artean 40 kilometroko erlojupekoa edukiko dutelako hurrengo egunean. Vueltako bakarkako erlojupeko bakarra. Gogorra eta teknikoa izango da bakarkako saio hori, Monte Castrove hirugarren mailako mendatea igo beharko dutelako 23. kilometroan —zortzi kilometroko igoera etzana da—. Igoera bezain arriskutsua izango da jaitsiera, bihurgune asko daudelako tartean.
Jakan, Rapitango gotorlekuan, amaituko den etaparekin batera, Dumbrian —Ezaroko begiratokian— amaituko dena da zaleei bereziki gustatzen zaien horietakoa. Kostako errepidean tentsioz josi ondoren, bi kilometroko pareta edukiko dute zain amaieran. Faboritoek Asturiasko hirusta buruan dutela egingo dute biharamuneko etapa, tropelaren babesean. Esprinterrek lanak izango dituzte ihesaldi guztiak kontrolpean edukitzeko.
Asturias eta Bola del Mundo
Urduria, ikusgarria eta arriskutsua da Vueltaren lehen zatia. Eta oso gogorra amaiera. Ancaresen, Covadongako aintziretan eta Cuitu Negrun amaituko dira iraileko lehen hiru etapak. Mendate gogor-gogorretan. Cuitu Negru da hiruretan berriena eta ezezagunena. Pajaresetik gora, asfaltoa botako diete azken hiru kilometroei, eta amaiera beldurgarria izango da, %28ko batez besteko aldapak ere izango direlako tartean. Faboritoren batek kolpe handiren bat eman ahal izango dio Vueltari Cuitu Negrun.
Arnas-estuka iritsiko da bigarren atseden eguna. Baina Fuente De-ko igoera etzanaren ondoren —esprinterrek eta etapa ehiztariek aukera on bana edukiko dute hurrengo bi etapetan—, Bola del Mundok emango du azken epaia. Zaleentzat ezaguna da igoera hori, orain bi urte iritsi zelako Vuelta, lehen aldiz, bertara. Navacerrada igo beharko dute lehenengo, eta zementu gainean egingo dituzte azken hiru kilometro gogor-gogorrak. Aurretik, gainera, Navafria, Morcuera eta Cotos lehen mailakoak igo beharko dituzte. Ohi bezala, irabazleei omen egiteko baliatuko dute azken etapa, Cercedilla eta Madril artekoa.
Vueltari beste buelta bat eman diote aurten, eta, paper gainean, ikusgarria dator. Zazpi hilabete barru hasiko da entzierroa.
Bihurritu bat gehiago
Igotzaileentzat erabat egokia da 2012ko Espainiako Vuelta, hamar etapa amaituko direlako aldapan, Arraten horietako batIruñetik abiatuko da lasterketa, eta ia lau etapa osorik jokatuko dira Euskal Herrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu