Atzo bertan Txapeldunen Ligako final-zortzirenetarako sailkatu eta otsaila bitartean euren herrialdeetako txapelketetan buru-belarri aritzea ziurta zezaketen lau taldeetatik bik lortu zuten helburua: Bartzelonak eta Milanek. Chelseak eta Bayer Leverkusenek, ordea, huts egin zuten.
H multzoan ia dena dago erabakita. Bartzelonak 0-4 irabazi zion Viktoria Plzeni, eta horrek sailkapena eman zion Milani, zeinak Bate Borisoven zelaian bana berdindu baitzuen. Multzoko lehena nor izango den falta da argitzeko. Datorren jardunaldian italiarrek eta kataluniarrek San Siron jokatuko duten partidak askatuko du ziurrenik korapiloa.
E multzoa, ordea, dezente estutu da. Chelseak eta Bayer Leverkusenek irabazi beharra zuten, baina ez batak ez besteak ez zituen etxeko lanak egin. Ingelesek bana berdindu zuten Genk-en zelaian, eta alemaniarrek 3-1 galdu zuten Valentziaren aurka. Emaitza horiekin, Unai Emeryk entrenatutako Valentziak badu oraindik aukera sailkatzeko.
F eta G multzoetan ere inork ez zuen sailkapena ziurtatu. Emaitzek, baina, gauza asko argitu dituzte. F multzoan, Arsenalek eta Olympique Marseillak hutsean berdindu zuten, eta lehen eta bigarren postuari eusten diete. Borussia Dortmund da orain hirugarren, atzo Olympiakosi 1-0 irabazi ostean. Greziarrak azkenak dira, ia aukerarik gabe.
G multzoan, berriz, Apoelek ustekabeak ematen jarraitzen du. Zipreko taldeak Porto hartu zuen mendean (2-1), eta eskura ditu final-zortzirenak. Zenitek ere ondo bideratuta du sailkapena, Xakhtarri 1-0 irabazi ostean. Portok, ustez multzoko talde indartsuenak gero eta zailago du aurrera egitea. Xakhtarrek, berriz, miraria beharko luke.
Benfica eta Real Madril, gertu
Bartzelonari eta Milani beste bi talde gehitu dakizkieke gaur: Benfica eta Real Madril. Horretarako, gaur irabazi beharra dute biek, portugaldarrek etxean, Basilearen aurka, eta espainiarrek, Olympique Lyonen zelaian. Real Madrilen kasuan, gainera, multzoko lehen postua ere ziurtatu dezake, hark irabazi eta Ajaxek etxean Dinamo Zagrebi irabazten ez badio.
Bik amaituak dituzte lanak
Txapeldunen Ligako final-zortzirenetarako sailkatu dira Bartzelona eta Milan, H multzoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu