OSO ONGI
Miguel Capellan. Oharkabean joan ohi da askotan haren jarduna, enpresakide dituen aurrelarien ikusgarritasuna edo zalaparta dela medio. Oso partida gutxitan egiten du, ordea, kale, eta lau t'erdian ere beti igotzen du koska bat, oraingoan bezala.
Iñaki Osa 'Goikoetxea'. Buruz buruko txapela jantzi berritan, partida berezi bezain zaila jarri zioten atzo Durangon. Bera bakarrik Berraondo eta Egiguren I.aren kontra. Bikotea baino gehiago izan zen zumaiarra, beste behin zale guztiak aho zabalik utzita.
ONGI
Andre Kurutxari. Abadiñon jokatu den Nazioarteko Tornosolo Trinkete Txapelketa irabazi du Baigorriko pilotariak. Marc Berasategi azkaindarra hartu zuen mendean igandeko finalean. Iparraldeko pilotariek argi erakutsi dute modalitate horretan jaun eta jabe direla.
NAHIKOA
Jorge Nagore. Ez dira azken hilabeteak batere gozoak izan berarentzat. Asegarcetik Aspera modu txarrez aldatu, enpresa berrian tokia egin eta lau t'erdian du orain bere balioaren berri emateko aukera. Lehenengo kanporaketa gehiegi behartu gabe irabazi zuen, Lekunberrin, baina irabazi.
ESKAS
Oinatz Bengoetxea. Pascual horren erraz menderatu ondoren, Nagoreren kontra beste itxura bat emango zuela espero genuen. Patxada gehiago behar du berak, eta pazientzia gehiago horren korrika eta presaka eraman nahi duen Asegarce enpresak.
Patxi Ruiz. Ez partida guztiz txarra egin zuelako, baina Manomanistako txapelduna izan eta debutari baten kontra lau t'erdian galtzea bada galera. Txapelak berarekin daraman alde txarra da.