Bikiak eta bitxiak

Jaioterrira bueltatu dira Darjus eta Ksistof Lavrinovic anaia bikiak. Baskoniaren aurka jokatuko dute gaur iluntzean, Zalgiris Kaunasekin.

Ksistof eta Darjus Lavrinovic, Lituaniako selekzioaren jokatutako partida batean. BERRIA.
Andoni Urbistondo.
2012ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Kosta egiten da bikiak bereiztea. Harremana gertukoa izanda ere, kosta egiten da asmatzea zein den zein. Zer esanik ez harremana gertukoa ez bada. Saskibaloiaren zaletua den orok badaki zein diren Lavrinovic anaia bikiak, baina gutxik asmatuko lukete zein den Darjus, eta zein Ksistof (Vilnius, Lituania, 1979). Antzekoak dira oso itxuraz, eta garaieraz ere bai, ofizialki Darjus hiru zentimetro garaiagoa bada ere: 2,12. Buesa Arenara joango direnentzat datu interesgarria, biak bereizteko: Darjusek eskuin eskuarekin jaurtitzen du, eta Ksistofek, ezkerrarekin.

Salbuespena Hollywoodeko film batean bilatu behar da: Twins ekoizpenean bikiak ziren Arnold Schwarzenegger eta Dani de Vito. Bata eta bestea, gaua eta eguna bezalakoak. Izaera berezikoak omen dira biki asko, eta Lavrinovic anaiak ere halakoxeak dira. Saskibaloi jokalari apartak, baina iskanbila zaleak ere bai. Kantxa barruan, edonorekin muturtzeko gertu, eta kantxatik kanpo ere bai.

2009ko Europako Txapelketan, Polonian, epelak izan zituzten biek Espainiako selekzioko jokalarien aurka. Kontua da azaletik oso jokalari hotzak diruditela. Lavrinovic anaiek oso gutxitan adierazten dute euren izaeraren berri ematen duen keinuren bat, garaipenen batean ez baldin bada. Baina beroak dira, euren parekoekin, edota inguruan dabiltzanekin buruz buruko borroka eta solasaldiak saihesten ez dituzten horietakoak.

Bikotearen pasarte ilunena, ordea, kantxetatik kanpo gertatu zen, 1999. eta 2002. urteen artean. Haien kirol ibilbideko datuak aztertu, eta hiru sasoi horietan ez zutela inon jokatu ikus daiteke. Zergatia ez zen arazo fisikoren bat izan, ezta Euroligan jarduteko talentu nahikorik ez zutela ere, bortxaketa kasu bat baizik. Natalja Tomasevic izeneko emakumeak Lavrinovic anaiak eta haien ahaide bat, Andrei Borodkin, salatu zituen, bortxatu egin zutelako.

Epaile batek ontzat eman zuen Tomasevicen salaketa, eta bost urteko kartzela zigorra jarri zien Lavrinovic anaiei. 22 urte zituztela, euren kirol ibilbideko une onenean, bueltarik ez zeukan zigorra zen hura, baina iskanbila hark azaltzen zaila den bilakaera izan zuen. Ksistof eta Darjus kartzelan zirela, Tomasevicek atzera egin zuen bere testigantzan, eta bi anaien eta Borodkinen arteko harremanak laurek onartutakoak izan zirela esan zion epaileari. Mingain gaiztoek diotenez, Lavrinovic bikien aitak 5.000 dolarreko diru saria eman zion Tomasevici, 3.800 euro inguru. Egoera are gehiago katramilatzeko, salaketa jarri zuen emakumeak Darjus Lavrinovicekin ezkonduko zela iragarri zuen. Urtebete itxaron behar izan zuen ezkontzeko, arrazoia eman zion epaileak urtebeteko kartzela zigorra jarri ziolako, testigantza faltsua emateagatik.

Iskanbila hartan benetan zer gertatu zen bi bikiek bakarrik dakite, baina bistan da kartzelan emandako garaian asko hausnartu zutela. Hausnartu, eta jokalari moduan hazteko lana egin. Ksistofek 4,4 puntuko batez bestekoa zuen kartzelara sartu aurretik, eta 13,5 lortu zituen irten eta berehala, Lituaniako Alitus Alita taldearekin. Darjusen hobekuntza ere handia izan zen: 10,6 kartzelara joan aurretik, 17,8 partidako gero, talde berean.

Bakoitzak bere bidea

2003an banatu egin zen Lavrinovic anaien bidea. Hamarkada oso batean urte bakarrean egon dira elkarrekin —Unics Kazanen, 2006-2007 sasoian—, eta aski ezagunak dira Europako talde indartsuenetan, haietako batzuetan jokatu baitute azken denboraldietan. Ksistofen kasuan, Errusiako Ural Great, Moskuko Dinamo eta Unics Kazanen, eta azken bost sasoiak Sienako Montepaschin. Darjusi dagokionez, Zalgiris, Unics Kazan, Moskuko Dinamo, Real Madril, Fenerbahce Ulker eta Moskuko CSKAn.

Udan, Vladimir Romanov enpresari errusiarrak litas zakua emango ziela agindu zien, eta etxera itzuli idira biak, Zalgiris Kaunasera. Lavrinovic anaiek egungo saskibaloian hain garrantzitsua den pibot jaurtitzailearen rola betetzen dute. Saskipean bezain ondo moldatzen dira urruneko jaurtiketetan, batez ere Ksistof, %38 asmatzen baitu hirukoetan. Alderaketa bat eginez, Baskoniako Maciej Lamperen tankerako jokalariak dira. Beti pentsatu izan da Ksistof dela onena, baina Darjusek zenbaki hobeak ditu.

Lavrinovic anaiek Zalgirisen bukatuko dute euren kirol ibilbidea, gauzak ondo. Politikarako jauzia ere egin dute, taldeko ugazabak sortutako Herriaren Alderdian. Lituanian zerrenda irekien sistema dago indarrean, eta herritarrek izen kajin batzuen alde bozkatzen dute, ez alderdien alde. Rimantas Kaukenasek 284 boto jaso zituen; Darjus Lavrinovicek, 189, eta Ksistof anaiek, 164. Herriaren Alderdiak, ordea, bozen %0,25 baino ez zuen lortu, orotara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.