Retabet Bilbo Basketek bere esku zuen ACB ligan segitzea, eta lortu du helburua. Joventut baino gehiago izan dira bilbotarrak (94-73), eta goren mailan segituko du Alex Mumbruren taldeak. Joventutek ez zuen ezer jokoan, jada sailkatuta dago kanporaketetarako, eta kantxan argi ikusi da bietako zer taldek behar zuen gehien garaipena.
Etxeko taldeak hasieratik utzi ditu argi bere asmoak (9-0 irabazten hasi da), eta hirugarren laurdenean bideratu du neurketa, hiruko jaurtiketetan oinarrituta. Mumbruren taldeak 9 jaurti ditu hirugarren laurdenean, eta 7 sartu. Bilbo Basketeko jokalari onenak, gaur, Jenkins (13 puntu eta 6 errebote) eta Brown (11 puntu eta 3 asistentzia) izan dira.
Horiek horrela, beste urtebetez ACB ligan jarraituko du Bilbo Basketek, eta Madrileko Estudiantesek LEB mailan jokatuko du datorren urtean.
Baskonia eta GBC
Baskoniak, atzo, Valentziak Fuenlabradaren aurka galtzea behar zuen laugarren izateko, baina ez zen hala izan. Gaur Manresaren pabiloian jokatuko dute arabarrek (18:30). Dusko Ivanovicek Achille Polonararen hutsunea izango du, orkatilan min baitu. Youssoupha Fall itzuliko den ere zalantza dago. Baskonia ez dago bolada onean: azken lau partidetatik bakarra irabazi du, eta suspertu beharra du kanporaketei begira.
Acunsa GBCk, berriz, ez du ezer jokoan: gaur esango dio agur ACB ligari. Andorran jokatuko du Marcelo Nicolaren taldeak (18:30), eta amaiera duina eman nahiko dio denboraldiari, garaipen bat lortuz.