Bilbo Basketek dena ondo egin beharko du gaur irabazteko

Real Madril liderra hartuko du, ligari neurria hartzeko eta hasi orduko onenen pausoa ez galtzeko azmoz

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Alacanten gertatutakoari bueltak ematen segitzen du Bilbo Basketek. Igandean ia dena egin zutelako bizkaitarrek, eta, halere, galdu egin zuten. Bilatzen hasi, eta azkar jabetu ziren nondik ihes egin zien garaipenak: emandako baloiak eta Alacantek egindako puntu jaurtiketa piloa. 21 jabetza oparitu zituen Katsikarisen taldeak, eta Alacantek puntu bateko 33 jaurtiketa gauzatu zituen.

Epaileen lanarekin ere kritiko samar izan dira taldea eta prentsa. 32 falta adierazi baitzizkioten bizkaitarrei, eta 17 baino ez, etxekoei. Bi ñabardura horiek albo batera utzita, kontent da entrenatzailea. Bikoetan %73 asmatu zutela gogorarazi zuen atarikoan, eta hirukoetan ere %42 ez dela batere marka txarra. Katsikarisek Oliver Stevic iritsi berriaren lan ona goraipatu zuen, eta Hervelle eta Mavroeidis erabat osatu bitartean talde jokoan pieza garrantzitsua izango dela adierazi.

Katsikaris ez zen arduratuta agertu, gaur galduz gero bere taldea onenen pausoa galtzen has daitekeelako. «Liga hasi baino lehen esan nuen, denbora beharko genuela pieza guztiak ondo lotu eta talde moduan jokatzen hasteko. Lesioek oreka galarazten digute, bai partidetan, bai entrenamenduetan, eta pazientzia puska bat eduki behar da». Hervelle Olympiacosen aurka bueltatuko dela iragarri zuen, baina Mavroeidisen bilakaeraren inguruko aurreikuspenik ez zuen egin. Vasileiadis, aldiz, jokatzeko moduan egongo omen da.

Erne Kanpoko lerroarekin

Real Madril liderra dator gaur. Lasoren taldeak hankapean ibili zuen Fuenlabrada lehen jardunaldian, eta indarrean jarraitzeko asmoa dute. Are gehiago Rudy Fernandezek taldean gutxienez hilabete pare bat egingo duela jakin ostean. Katsikarisek ere espainiarren kanpoko lerro bikaina goraipatu du: «Lull, Carroll, Pocius, Rudy... aukera asko, eta haiek korrika egitea saihestu behar dugu, joko irekian maisuak dira».

BIZKAIA B. B.-REAL MADRIL

Txapelketa. ACB Ligako bigarren jardunaldia.

Bizkaia Bilbo Basket. Raul Lopez, Jackson, Josh Fisher, Blums, Roger Grimau, Vasileiadis, Mumbru, Banic, Stevic, Mavroeidis eta D'Or Fischer..

Real Madril. Sergio Rodriguez,Jorge Sanz, Llull, Carroll, Pocius, Rudy Fernandez, Suarez, Velickovic, Mirotic, Felipe Reyes, Begic eta Tomic.

Tokia. Bizkaia Arena (9.650 eserleku).

Ordua. 20.45 (Teledeporte).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.