Bilbo, handienen artean

Zortzi jaialdi izango ditu Bilboko feriak; sei bikotek hartuko dute parte, eta hilaren 18tik 25era jokatuko da

Bilboko ferian parte hartuko duten pilotariak, atzo, aurkezpen ekitaldian, BBKren kultur aretoan. MARISOL RAMIREZ / ARP.
jon eskudero
2012ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Handia izango da Bilboko feria. San Fermin eta San Mateo jaietakoekin batera, torneorik handiena. Hilaren 18an hasi eta 25era bitarte jokatuko da, eta zortzi jaialdi ikusi ahal izango dira. Sei bikotek hartuko dute parte binakako txapelketan, eta Aspek zein Asegarcek pilotaririk onenak kantxaratuko dituzte. Bikoteak bi multzotan banatuta egongo dira: Olaizola II.a-Begino, Berasaluze VIII.a-Albisu eta Xala-Zubieta lehenengoan, eta Irujo-Barriola, Bengoetxea VI.a-Apraiz eta Titin III.a-Merino II.a bigarrenean. Enpresa bakoitzak bikote indartsu bana osatu du, baina besteak ere kontuan hartzeko modukoak dira. Ikuskizunik, behintzat, ez da faltako Miribilla auzoko pilotalekuan.

Donostiako torneoa bihartik aurrera jokatuko da —soilik bi jaialdi izango ditu—, eta Zarauzkoa norgehiagoka bakarrak erabakiko du. Ordea, jakina zen Bilbokoaren aldeko apustu nabarmena egingo zutela enpresek. Bada, atzo eman zituzten feriaren xehetasun guztiak aurkezpen ekitaldian, Bilbon, BBKren kultura aretoan. Han bildu ziren pilotari guztiak, Barriola izan ezik. Leitzarrak minduta du ezker eskua, eta ez zuen jokatu Andre Mari Zuriaren torneoaren finala herenegun —Irujok eta Zabaletak 22-9 hartu zituzten mendean Bengoetxea VI.a-Begino—, baina ez dirudi Bibon galtza zuriak jantzita egoteko arazo handirik izango duenik.

Irujorekin ariko da Barriola. Bikote beldurgarria osatzen dute, Iberokoa bera ere joko sasoi onean baitago. Aspek egin duen gauza bera egin du Asegarcek Olaizola II.a eta Beginorekin: enpresako aurrelari eta atzelaririk onenak elkarrekin jarri. Bi bikote horiek ez dute multzo berean elkar ikusiko, eta ez litzateke harritzekoa izango finalean topatzea. Dena den, ez dute erraza izango. Xalak eta Zubietak, esaterako, bikain hartzen dute elkar, eta binaka txapeldun izandakoak dira. Titin III.a eta Merino II.a bezalaxe. Aurtengo txapeldunak ohoreari eusten saiatuko dira.

Danel Elezkanoren debuta

Aipatu beharrekoa da, halaber, Berasaluze VIII.ak eta Albisuk osatzen duten bikoa. Berriztarra ikusgarri ari da azken partidetan, eta zerbait garrantzitsua egin nahiko du etxekoen aurrean. Etxean ariko da Apraiz ere. Bengoetxea VI.a izango du lagun, eta binakako txapelketan bat baino gehiago harrapatu zuten ezustean. Baina binakakoa bakarrik ez, ardoaren desafioa ere izango dute jokoan enpresek. Binakako partida zein izango den ez dago erabakita.

Feriaren lehen egunean, berriz, Danel Elezkano Zaratamoko pilotariak egingo du debuta. Etxetik hurbil, afizionatuetan eman duen maila ematen saiatuko da. Aurrelaria da Elezkano, eskuina, baina ezkerrarekin jokatzen du gehienbat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.