Bilbo Basketek Raul Lopez jokalariaren aurkezpena egin zuen atzo Miribillan, eta hurrengo sasoiari begira prestatzen hasi den taldeari itxura ematen hasi. Itxura polita. Lopez kataluniarra da aurkeztu duten lehena (Vic, Herrialde Katalanak, 1980), eta, gauzak ondo, herrikide bat, Roger Grimau izango da hurrena Miribillako fokuen aurrean jartzen. Aurkezpenetan esan ohi diren topikoak aipatu zituen Raul Lopezek, baina Bilbora eta Bilbo Basketera etortzeko erronkak asko erakartzen duela aitortu zuen: «Gauzak nola egiten ari diren, nola egin nahi dituzten adi egon naiz, eta gauzak ondo egiten dituztela sumatu. Horregatik, saskibaloi taldera eta hirira etortzea proiektu polita dela uste dut».
Raul Lopezen etorreraren inguruko zurrumurruak ACB ligako finala bukatu eta berehala haizatu ziren. Mingain gaizto batzuek esan ere egin zuten joko antolatzailea joan den sasoian zela Bilbora etortzekoa, baina negoziazioak ez zirela bi aldeek nahi bezala bukatu orduan. Iturri horien argudioa da Raul Lopezek joan den urtetik Bilbon etxea daukala. Batera edo bestera, Lopezen etorrerak ilusio handia piztu du Bilbon, talentu handiko mutila delako, eta Bilbo Basketek bukatu berri den sasoian izan duen hutsune handienetakoa beteko duelako. Jackson eta Josh Fischer izan dira joko antolatzaileak 2010-2011ko sasoian, eta aurrerantzean Raul Lopez-Jackson bikotea arduratuko da gidaritzaz. Lemazain bikainak dira biak, aski ezaugarri ezberdinekoak, baina euren artean osagarriak.
Raul Lopezek berak lehen egunetik esan du ez dela izar bat, beste kide arrunt bat dela, eta laguntzeko asmo xumea duela. Haren jarduna balekoa izango den edo ez, zalantzan jar liteke, baina ukaezina da lehengaia eduki, baduela, eta ona. Gaztetan hautsak harrotu zituen bere kalitatearekin, eta Real Madrilek mende hasierako bi milioi euro inguru. Handik NBAra, Utah Jazz taldera joan zen. John Stockton handiaren ordezko izateko fitxatu zuten, baina tarte horretan hiru aldiz txikitu zuen belauna.
Behin itzulitakoan, Raul Lopezek lesionatu aurretik zeukan txispa galdu du, baina beste dohain batzuk bereganatu ditu: gidaritza, tenplea, jaurtiketa ona, eskarmentua... Azken bi denboraldietan Errusiako Ligan jokatu du, Khimki taldean. Sergio Scarioloren aginduetara aritu da han, eta azken sasoian zortzi puntu eta hiru asistentzia lortu ditu, batez beste. Errusiako ligako finala jokatu zuen Khimkik.
31 urterekin, urte onak geratzen zaizkio oraindik Raul Lopezi, eta emango duen neurriaren esperoan, fitxaketa ona dela esan behar da. Euroligan ariko da lehen aldiz Bilbo Basket, eta horrek esan nahi du izen handiko jokalariak fitxatu behar direla.
«Bilbo proiektu polita da»
Bilbo Basketek Raul Lopez joko antolatzailea aurkeztu du; lehengai ona du, baina zenbaki apalak azken sasoietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu