Bilbo, soineko zuri-gorriz

Goizetik antzeman zaio Bilbon egun berezia dela. Kolore zuriz eta gorriz atonduta esnatu da hiria, eta Athleticen aldeko orro bortitzaren isla izan da hori.

Javi Martinez Athleticeko jokalaria, zaleak agurtzen, jokalariak Melia hoteletik irten ziren unean. JON HERNAEZ / ARP.
Bilbo
2012ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Goiz-goizetik, bufanda eta elastiko zuri-gorriak nonahi ikus zitezkeen atzo Bilbon. Etxe eta bulego askotako leihoetan ere, Athleticen banderek Bizkaiko hiriburua atondu zuten. Hotz eginagatik, giroa gori-gori zegoen arratsaldean; San Mames ondoko tabernetan eta Poza kalean, batik bat. Horiek dira partida guztien aurretik athleticeko zaleentzat ohiko bilguneak. Atzokoa, baina, ez zen edozein partida zuri-gorrien historian.

Gazteenentzat bizitza osoan ikusitako Kopako bigarren finalerdia zen atzokoa; bigarrenez, finalerako txartela zegoen jokoan Mirandesen aurka. Hainbat aldiz entzun dizkiete guraso, izeko eta osabei 1980ko hamarkadako balentrien inguruko istorioak: Endika Guarrotxenaren gola, eta haren ukabila Madrileko zerurantz zuzenduta. Une horretan, argentinar dohaitsu batek gidatutako Bartzelona menderatu zuen Atheticek. Historia errepikatu egiten dela esan ohi da, eta, Mirandesen zein Valentziaren baimenarekin, esana izan bilakatzearekin amesten du Bizkai osoak. Bartzelona eta Athletic. Messi eta Maradona. Endika eta... Toquero? 2009ko finala da gazteek gogoan daukaten bakarra, eta taberna inguruko elkarrizketetan behin eta berriz aipatu zuten atzo. Belaunaldi bakoitzaren oroimen kolektiboak hainbat irudi gordetzen ditu.

Dena den, ez zen falta finalean aurkari gisa Valentzia nahi zuen zalerik. Basauriko kuadrilla bateko neska-mutilak bat zetozen: «Finala jokatuko badugu, irabazteko izan dadila». Ilundu bezain laster, Moyua plazako eraikuntza bat ere argi zuri-gorriz apaindu zuten. Futbol partida handien lurrinak hiri osoa zeukan hartuta. Zalerik amorratuenak Poza eta Areiltza kaleen arteko bidegurutzean zirkulazioa galarazten aritu ziren. Entzun zitezkeen abestien artean, Athleticen ereserkia nagusitu zen. Giuseppe Verdiren Aida operako Garaipenaren martxa ere koruan abestu zuten zaleek, ordu gutxi batzuk geroago zelaian gertatzea nahi zutena metafora biribilean laburbilduta. Partidaren ordua gerturatu ahala, petardoak, suziriak eta bengalak agertu ziren Bilboko erdigunean.

Bitartean, Mirandesen zale gehientsuenak San Mamesetik gertuen dauden tabernetan zeuden bilduta. Telebistaren kamerak ikusi bezain pronto, euren lelo ezaguna oihukatzen hasi zen Ebro zeharkatzen duen hiriko zenbait kuadrilla: Sí, se puede [Bai, lor dezakegu]. Giroa makalagoa zen Katedralaren inguruneetan arratsalde partean, baina partida hasteko ordubete falta zela, jende uholdea gerturatzen hasi zen Poza eta Areiltza kaleetatik. Mirandatik iritsitakoen artean, mutil gazte batek, telebistako iragarki ezagun bat imitatuz, laranja koloreko pent drive erraldoia zeraman bizkarrean, Mirandesko leloarekin. Bilbotarren artean ere ez zen xelebrekeriarik falta izan: lehoi mozorro bat soinean zeraman gazte bat futbol zelaiaren inguruan ibili zen. Ez zuen hotzik pasatuko, behintzat.

Autobusarekin, eromena

Athleticeko jokalariak eta entrenatzaileak Leizaola kaleko Melia hotelean bilduta zeuden, eta babesa ematera joan zen Athleticeko zale ugari. 20:20 aldera autobusa hartu, eta San Mameserako bidea hartu zutenean, eromena nagusitu zen. Jo ta ke, irabazi arte oihukatuz egin zieten harrera Bielsaren jokalariei. Entrenatzaile argentinarrari zuzendutako gorazarreek hartu zuten lekukoa. Kolorezko bengalak ere piztu zituzten, garaipenerako bidea erakusteko, nonbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.