Gescrap Bizkaia. Jackson, Vasileaidis (6), Mumbru (10), D'Or Fischer (7), Hervelle —hasierako bostekoa—; Mavroeidis (1), Banic (16), Blums (?), Raul Lopez (15), Grimau (2) eta Fisher.
Montepaschi Siena. McCalebb (12), Thornton (4), Moss (10), Stonerook (6), Andersen —hasierako bostekoa—; Ress (5), Rakocevic (14), Zisis, Lavrinovic (2), Carraretto (3) eta Aradori (3).
Markagailua. 7-8, 21-22 (atsedenaldian); 39-39 eta 60-59.
Epaileak. Muhvic, Ryzhyk eta Lopes. Moss kanporatu zuten (39. min.).
Bestelakoak. 9.922 ikusle Miribilla kiroldegian.
Ederra! Raul Lopezek azken segundoan jaurtiketa garailea egin eta Gescrap azken-laurdenetara hurbildu zuelako, baina partida bikaina izan zelako. Final baten parekoa, gogorra, egurra han eta hemen. Debekatuta zeuden saskiraketa errazak, eta eraso guztiak bilakatu ziren beso eta gihar festa gaindiezina. Sienako Simone Pianigiani entrenatzaileak bere taldeak Italian lortutako aldea babesteko nahia erakutsi zuen lehen jokalditik, eta defentsa estua agindu. Bizkaiak, baina, erronka onartu zuen, eta tentsio handiko bukaeran, aldeko izan zuen zortea, Top 16ko hirugarren garaipena lortu eta Top 8a ukitzen hasteko.
Bilbon eta Bizkaian luze gogoratuko den partida izango da. Grisa, itsusi samarra ikuslearentzat, bi taldeak 60 puntuko langa gainditu ezinik ibili zirelako. Defentsa onak ere jokoaren ezinbesteko osagai dira, eta horiekin ere gozatzen jakin behar da. Batez ere, Euroligan Top 8an jokatzen diren partidetan erabakigarria izanen delako defentsa ona egitea. Catenaccioa proposatu zuen Siena, eta giltzarrapoarekin erantzun zion Bizkaiak. Hasi eta berehala ikusi zen partida trabatua izango zela. Saskiraketa errazak lortu nahi zituenak bakar-bakarrik iritsi behar zuela saskipera. Taldekide asko dituzte Bizkaiak eta Sienak, eta falta faltarekin erantzun zuten. Nahiago puntu bateko jaurtiketak, biko errazak baino. Zaharragoa da catenaccio-a, baina giltzarrapoa nagusitu zen atzo.
Lehen laurden bukaerako markagailua, horren lekuko: 7-8 italiarren alde. Portzentajeak, kaskarrak benetan, baina trukean, konfiantza. Ondo ari zelako Bizkaia defentsan, eraso guztietan zailtasun asko sortuz Sienari, eta horrek buruko indarra handitzen du. Asmatzen ez baduzu, eta aurkariak bai, hondoratu egiten zarelako. Baina asmatu ez, eta aurkariak ere ez, kemena irabazten da.
Ezinezkoa zen talde batek hiru punturen aldea lortzea. Bizkaiak ezin hobe ezeztatu zituen Sienaren erasoko bi jokalari onenak, McCalebb eta Andersen. Punturik lortu gabe joan zen aldageletara bikote indartsu hori, eta datu horrek asko esan nahi du bizkaitarren alde. Markagailuan behetik joanda ere. Rakocevicek azken unean baloi bat bereganatu eta 21-22koa jarri zuelako. Atsekaberik ez, ordea, Bizkaiak bildua baitzeukan ordurako uzta: fedea.
Siena konfiantza hori deusezten ahalegindu zen aldageletatik bueltan. 21-24, 25-30 eta 33-35 egin zuen ihes, baina Katsikarisen taldeak beti bilatu zuen erantzun egokia. Marko Banicen eskutik, gehienetan. Kapitaina 16 punturaino joan zen, eta bere parekoak erotu zituen borrokatzeko duen gaitasun nekaezinari esker. Funtsezkoa izan zen, era berean, D'Or Fischerren intimidazioa. Sienak saskipetik gertu egin zituen jaurtiketa asko oztopatu edo aldatu zituen, eta errebotean ere ikaragarri jardun zuen: hamabi, denera. Balantza, ordea, Raul Lopezek desorekatu zuen. Kataluniarra gorabeheratsua da, baina talentuz ez dio inork irabazten. Taldea bizkar gain hartu, eta 13 puntu saskiratu zituen bigarren zatian: Bikoak, hirukoak, faltak behartu...
Raul Lopezen tenplea
Hirugarren laurdena 39na bukatu zen, eta laugarrena egurrean hasi zuen berriro Sienak. Rakocevicek eta David Mossek eskumutur fina dutela erakutsi zuten. 39-43 eta 43-47 aurreratu zen, baina etxekoak ez zeuden etsitzeko. Hiruko ona sartu zuen Blumsek aurrena, eta Banicek eta Mumbruk biko bana gero. Izan ez zen falta adierazi zioten orduan Fischerri, baina Rakocevicek hirutik bi kale egin zituen, eta hazi egin zen Miribilla, hazi jokalariak.
Bizkaiak aurrea hartu zuelako azken bost minutuetan. Puntu bategatik, bigatik, baina aurretik. Minutu erdia falta zela, partida puntu bateko jaurtiketetan erabakitzen hasi zen arte. Pattal aritu ziren aurretik bizkaitarrak, eta hirutan kale egin Mumbru, Vasileaidis eta Mavroeidisek. Raul Lopezek ez, lau sartuta, eta Bo McCalebbek bai, aurrek jokaldian hiruko jokaldia egin bazuen ere. 11 segundo eta 58-57 Bizkaia aurretik, jabetzarekin. Sienak, ordea, baloia bereganatu, eta 58-59koa lortu zuen. Azken jokaldia Raul Lopezena. Zortea? Bai. Baina bilatzen duenak merezi du.
Gescrap Bizkaia 60. Montepaschi Siena 59
Bilboko giltzarrapoa
Garaipen garrantzitsua lortu du Gescrapek Raul Lopezek azken unean sartutako bikoari esker, eta oso gertu du Top 8a
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu