Bilboko pilotalekuko palkoetako sarrerak, txarteldegian salgai

Asegarcek hogei sarrera eskakizun bakarrik jaso ditu etziko, eta betetzea «urrun» egongo da Tolosan

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2012ko urriaren 11
00:00
Entzun
Asegarcek Bilboko pilotalekuko palkoetako sarrerak salgai jarriko ditu heldu den astean Berasaluze VIII.ak biharko Idoate eta Olaizola I.aren arteko partidaren irabazlearen aurka jokatuko duen partidan. Pilotalekuak zazpi palko ditu; Bizkaiko Aldundiak eta Bainetek bana dute, eta besteak pilota enpresek beharren arabera kudeatu izan dituzte.

Palkoetako sarrerak guztira 170 eserleku dira, eta salgai egon izan dira, baina berria hau da: txarteldegian erosi ahal izango dira. Kantxako sarrerak baino garestiagoak dira, eta pilotazale arruntak 35 euroan erosi ahal izango du pribilegioa. Oraingoz, enpresak ez du eskaera bakar bat ere jaso, baina bi aste falta dira oraindik.

Beotibar, erdi hutsik

Asegarcen, heldu den asteko Bilbokoak baino gehiago, etziko Tolosakoak sortu du ardura. Lau t'erdiko txapelketako bi partida jokatu arren, Gonzalez Urrutikoetxearen aurka eta Saralegi Albisuren kontra, sarrera erreserba oso motel doa. «Hogei sarrera erreserba baino ez ditugu jaso, eta betetzea oso urrun geldituko dela dirudi», azaldu zuen atzo arratsalde hasieran Rafa Etxeberria Asegarceko logistika arduradunak.

Tolosa aukeratzeak apustu ona zirudien, Saralegi eta Albisu gertukoak direlako, eta litekeena da azken orduko sarrera salmentari esker pilotalekua itxuratzea. «Garai txarrak dira, eta lau t'erdikoaren hasieran agian nabaritu daiteke», dio enpresak. Tolosako jaialdian bi prezioko sarrerak daude, 30 eta 15 eurokoak. «Iragan astean hamar euroan jarri genituen Gasteizen eta sarrera ez zen ona izan. Zerbait asmatu behar dugu». Hori da Etxeberriaren buruhaustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.