«Euskal zaleek inoiz baino grina handiagoarekin hartu zuten ofizialtasunaren aldeko aldarria». ESAITek, Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak, «euskal gizarteari eta zale guztiei» eskerrak eman zizkien atzo, abenduaren 29an Euskal Selekzioaren eta Venezuelaren arteko partidaren harira Bilboko aldarrikapen egunean parte hartzeagatik. «Eskerrik asko Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldeko aldarrikapena babesteagatik eta ESAITek Areatzan antolatutako ekimenetan parte hartzeagatik».
Partidaren atarian, arratsaldean, manifestazioa egin zuten Bilbon. «Eta gure kalkuluen arabera, 10.000 pertsonatik gora izan ziren bertan». Datuak aztertuta, manifestazioa ere «arrakastatsua» izan zen, ESAITen aburuz. Zaleen grina horren atzean azken bi urteotan Euskal Selekzioak partidarik jokatu ez izana dagoela uste du Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak. «Hori argi ikusi zen, bai guk antolatutako ekimen guztietan, eta baita San Mames futbol zelaian ere. Bi urte horiek ez dira alferrikakoak izan». Hori bai, ESAITek kritikatu egin zituen futbol zelaian izandako gorabeherak. «Bengalak, irainak, zaleak zelaira sartu izana... Horrelako gauzek ez dute laguntzen aldarrikapenaren bidean».
ESAITen ustez, bi urteko hutsartearekin argi geratu da jokalarien jarreraren atzean ez zegoela selekzioaren izena bakarrik. «Federazioko buruek azaldu beharreko borondatea ere badago atzean». Baina badakite horren atzean zenbateko trabak dauden. «Pausoak emateko Espainiako Federazioari eta goi erakundeei aurre egiteko borondatea eta ausardia politikoa eduki behar da. Baina, jakina, Euskadiko Futbol Federazioko buruzagiek ez daukate horretarako ausardiarik, besteak beste bertako kide batzuek Espainiako Federazioko karguak ere badauzkatelako, eta handik ere kobratzen dutelako».
Ildo beretik, ESAITek kritikatu egin zituen atzo Santiago Arostegi Euskadiko Futbol Federazioko presidenteak ESAITen inguruan egindako adierazpenak. ESAIT abenduan eta Euskal Selekzioak jokatzen duenean bakarrik agertzen dela adierazi zuen Arostegik. «Badaki hori gezur borobila dela, hamabost urte daramatzagulako urtean zehar ekimenak antolatzen».
Bilbora joateagatik eskerrak eman dizkie ESAITek zaleei
Areatzan sortutako giroa goratzeaz gain, manifestazioa «arrakastatsua» izan zela azaldu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu