Binakakoak estutu du kaiola

Enpresen Ligak binakako txapelketa hiru astez luzatu nahi duelako aurreratu du lau t'erdikoaren hasiera

Iazko Bigarren Mailako lau t'erdiko txapelketako zozketa, aurkezpen egunean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2011ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Enpresen Ligak aldaketak egin nahi ditu urteko pilota egutegian.Helburua hurrengo binakako txapelketa are gehiago luzatzea da, lehen faseko partida kopurua hamalauraino handitu eta Gabonen aurretik hasteko. Egutegian tokia egiteko, lau t'erdiko txapelketa aurreratu eta estutuko dute. Kaiolako lehia urriaren 7an hasiko da, eta finala azaroaren 27an jokatzea da asmoa, inoiz baino goizago. Egun horietan sartzeko, hamasei pilotarik bakarrik parte hartu beharko dute. Bide batez, Gabonetan ez da mastersik jokatuko.

Binakakoa da txapelketarik errentagarriena, eta horregatik zukutu nahi dute. Enpresek badakite txapelketako partidak errazagoak direla saltzen, udalek nahiago izaten dituztelako, eta lehen ligaxka luzatzeak amu kopurua handituko du. Binakakoak, gainera, eta kanporaketa bidezko txapelketetan ez bezala, jaialdi jakin bat aurretik eta zehaztasun handiz saltzeko aukera ematen du. Bikote zehatzak ez badira ere, gutxi gorabeherako eskaintza egin daiteke. Ipar Euskal Herrian, esaterako, oso gustuko dute jaialdien berri askoz aurrerago izatea, eta ligaxkak aukera hori ematen du.

Binakakoa luzatzeko modua lehen ligaxkako partida kopurua handitzea da; hori bai, zortzi bikoteko eskema mantenduz. Aurten 11 partida jokatu zituzten lehen ligaxkan, bi aldiz beste enpresakoen aurka eta behin enpresa bereko bikoteen aurka. Bada, luzatzeko modua bikote guztien arteko ligaxka luze-luze bat antolatzea da, bi itzulikoa, eta hala hamalau partida jokatu. Gero, finalerdietako hiru, eta finala. Finalera iristen diren bikoteek hemezortzi partida jokatuko dituzte, eta lau hilabete pasa egingo dituzte lehian. Goizago hasiko da halaber, abenduaren 18rako.

Binakakoa lehenestearen eragina lau t'erdikoan sumatuko da nabarmenen. Enpresen asmoa etzi aurkeztea da,urriaren 7an hasteko, Soraluzen. Finala azaroaren 27an jokatu nahi izateak zortzi asteburuko txapelketa bat diseinatzera behartzen ditu. Asteburu bat finalerako, beste bat final aurreko atsedenerako eta hiru finalerdietako ligaxkarako. Horiek hala, hiru asteburutan argitu beharko da zeintzuk ariko diren finalerdietan, eta normalean asteburu bakoitzean txapelketako lau partida jokatzen direnez, zerrendaburuez gain, beste hamabi pilotarirentzako tokia baino ez dago. Alegia, hamasei pilotarik hartuko dute parte, azken urteetan baino lau gutxiagok. Dena den, ezin da baztertu abenduaren 4an izatea finala, baina enpresek azaroa lehenesten dute.

Azken lau t'erdikoetan, oreka gutxiko partidak ikusi izan dira lehen kanporaketetan. Iaz, esaterako, bi 22-3ko egon ziren. Murrizketak partiden kalitatea hobetu beharko luke. Era berean, pilotari batzuen prestaketa zailduko da. Olaizola II.ak behe-behetik hasi beharko luke, eta urriaren 4an partida du Agurainen. Litekeena da txapeldun ohia bigarren astean hastea.

Mastersik ez

Binakako txapelketa aurreratzeak ez du tokirik utziko buruz buruko masterserako. Urtez urte partida kopurua murrizten joan da, eta aurten ez da jokatuko. Era berean, litekeena da lau t'erdiko finala eta binakako txapelketa hasi artean binakako torneo txiki bat antolatzea. Egun horietan jai egun asko daude Hego Euskal Herrian, eta aste horretako telebista betebehar ugariak bete ahal izango dituzte torneoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.