Afalduta edo afaldu gabe joan? Hor dago gaur Gasteizko Ogetan bilduko diren pilota zaleen zalantza nagusia (20:15, ETB1). Aurretik, agian goizegi, eta ondoren, beranduegi. Aimar Olaizolak eta Juan Martinez Irujok, berriz, gauerako plana ondo zehaztuta daukate. Aspaldiko lagunak dira, eta 21:30 alderako jarri dute ordua elkarrekin afaltzeko, kantxa gainean. Argitzeko dago, halere, zeinek ordainduko duen faktura eta zeinek jantziko duen txapela.
Finalak adina zeresan eman du orduak. Lau t'erdiko finala izan da egutegiarekin gehien esperimentatu duena, eta aurretik jokatu izan da astelehen edo asteartez, Hego Euskal Herriko jaiegun ezberdinekin bat eginez. Gauez, baina, ez da inoiz jokatu, ez behintzat Lehen Mailakoa. Ohi bezala, telebistek behartu dute ezohiko eguna. ETBk baldintzatu du eguna, garbi esan zielako enpresei hilaren 15ean jokatzea ezinezkoa zela, eguneko programazioa Bertsolari Txapelketako finalarekin betea zuelako. Ordua, berriz, Nitro kateak. Larunbatean 20:00 arte pilota emateko esklusibotasuna du, beraz, ezin zitekeen larunbateko ohiko ordutegian jokatu.
Finalistek garrantzia kendu diote ordutegiaren eraginari. Gauez jokatzera ohituta daude, eta ez du eguneko errutina asko aldatuko. Bazkari eta askari orduak pixka bat aurreratu eta kito. "Askaria, zerbait sartzen bada", esan du Irujok. Finalak beti direlako final, partida bereziak, eta asko jokatuagatik, tximeletak ez direlako urdailetik aldentzen. Are gehiago aurrean betiko aurkaria baduzu, pilota historia liburuetan haren izena zurearen alboan idatziko duen hori. Olaizola II.a eta Irujo legenda dira, eta gaurkoa elkarrekin idatziko duten biografiaren hamaikagarren kapitulua. Hala ere, enpresek komeriak izan dituzte sarrera guztiak saltzeko. Baina, tira, Ogeta bete egingo da, eta ez da hutsune nabarmenik espero harmailetan.
Jakina da Irujo eta Olaizola II.a ez direla sasoi onenean iritsi. Olaizola II.a izterreko arazoekin ibili da txapelketa osoan, eta Saralegiren aurkako finalerdian makurtzeko arazoak zituela ikusi zen. Haren ingurukoek, halere, min handien sakatzean nabaritzen duela diote. Adi egon beharko da gaur lehen pilotakada jotzen duen aldiro. Olaizolak erabaki du benda estu edo antzekoak ez erabiltzea, eta beroketa zehatz eta luzeago bat egitea. Asteazkenean egin zuen pilota aukeraketa, eta ez zuen minari buruz hitz egin nahi izan: "Nagoen bezala jokatu behar dut. Ez da aitzakia izango".
Irujok, berriz, eskuin eskuko hatz erakuslean du oinazea. Punta pitzatuta dauka, eta hala jokatu du txapelketa osoa. Sakatzean egiten dio min handien. Deigarria da bi finalistek sakea ateratzeko garian sumatzen dutela nabarmen euren mina. Ligaxkan 22-13 galdu zuen Olaizola II.aren aurka, baina egun hartan hatza anestesiarekin lokartu zuen, eta hala ezinezkoa da ondo jokatzea. Bere ibilbideko txapelketa gogorrena izan dela esan du. Partida gehienak atzetik hasi ditu, eta kostata sailkatu da: 22-21 Ezkurdiaren aurka, 22-20 Bengoetxea VI.aren kontra... Kalbarioa gaur bukatuko da, hobekien dagoenean. Etxeko lanak eginak ditu, eta presiorik gabe jokatzeko aukera horrek bere aukerak handitu ditzake.
Irujok hobera egin du, egia da, baina Olaizola II.a da faborito, hala diote apustuek. Lehen sakeak erabakiko du doblean edo 100-60ri irtengo diren. Ez da harritzekoa, Olaizola II.ak lau t'erdiko sei txapel ditu, eta kaiolan jokaturiko sei finalak irabazi ditu, tartean Irujoren aurkako bi: 22-12, 2011n, eta 22-17, 2008an. Estatistika argigarria da, hura da guztira txapelketako partida gehien jokatu eta irabazi duena.
Irujoren aldeko arrazoiak aurkitzeko estatistikak bihurritu behar dira. Olaizola II.ak ia hiru urte daramatza lau t'erdiko txapelketako partidarik galdu gabe, bada azken porrota Irujoren aurka jaso zuen, 2011ko urriaren 29an, Bilbon (22-20). Bi finalistek bi aldiz jokatu dute elkarren aurka lau t'erdian Ogetan, eta biak Irujok irabazi zituen. Eta kito, historiak Iberokoaren alde ezer on gutxi gehiago esaten du gaurkoari begira; asko jota, Nafarroako lau t'erdikoko finalak. Hiru aldiz jokatu dute San Fermin egunean, eta Iberokoak bitan irabazi du: 22-15, 2006an, eta 22-19 aurten. Olaizolak 2008an irabazi zuen: 22-18.
Txapelketa nagusiei dagokienez —buruz burukoa, lau t'erdiko eta binakakoa—, Irujo eta Olaizolak bederatzi final jokatu dituzte elkarren aurka, eta horietatik bost goizuetarrak irabazi ditu, tartean azken hirurak: buruz buruko bi (22-7 biak) eta 2011ko lau t'erdikoa. Irujok hobeto hasi zuen bolada, lehen seietatik lau irabazita, baina, 2010eko belauneko lesio larriaren ondoren, Olaizola II.a oldarkorrago jokatzen hasi zen, eta hura da nagusi.