Bisitariak faborito

Ferrariko bi gidariak aurrean daude, baina McLaren taldeko Kimi Raikkonenek lortu du polea

Laurentzi Garmendia
2004ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Gero eta naziartekoago bada ere, oraindik 1 Formula talde gehienek Erresuma Batua dute egoitza. Betikoetatik hasi Williams, McLaren eta berriagoetan amaituz Renault, guztiek ere oso lotura estuak dituzte irla horiekin. Etxean korritzen dutela esan daiteke, Ferrarik ez bezala. Hala ere, Schumacherrek esan zuen herenegun 1 Formula ez dela futbola bezala, eta ikusleen bultzadak ez duela motorea indartsuago egiten...

Nigel Mansellek, duela hamar urte baino gehiago, egun galdu duen bibote bereizgarriarekin gauza izugarriak egiten zituen garaian onak zein txarrak, baina beti ikusgarri, esan ohi zuen Silverstonen ikusleen animoek itzuliko segundo bat azkarrago egiten zutela. Hitz politak, baina Frank Williamsek gogorarazi zion lasterketa guztietarako kontratatu zutela, ez bereziki Silverstonerako. Mansellek, aste honetan Londreseko kaleetan 1 Formula erakustaldi batean parte hartu badu ere, aspaldi utzi zuen automobilismoa eta golf jokalari profesional bilakatu zen duela hilabete. Orain arte jarraitzaile britainiarrek ez zuten haren ordezkorik.Duela lau urte Jenson Button jarri zuten Williams-BMW autoan. Orduan ez zena saldu nahi izan zuten, eta lasterketa pare batean doai onak zituela erakutsi bazuen ere, ez zen horretatik pasa. Hurrengo urteak gogorrak izan ziren, Renaultekoak batez ere. BAR-ek erreskatatu zuen iaz, eta Villeneuveren ondono oso denboraldi txukuna egin zuen, kanadiarra argi eta garbi gaindituz. Aurtengoa konfirmazioa da, auto on bat gabe ezinezkoa litzatekeen konfirmazioa.

FIA vs. Ecclestone

Schumacher eta Ferrari aurten erakusten ari diren dominazioa murriztu nahian, FIAk sailkatze saioa aldatzea erabaki zuen Monako ondoren, eta gaurko Sari Nagusirako indarrean behar zuen. Aldaketa hauek aurrera eramateko talde guztien oniritzia behar da, hala baitio arautegiak. Baina aurreko astean, FIAk aldaketa horiek atzera botatzea erabaki zuen, formatua bere horretan utziz. Antza, Jordan eta Minardi kexu azaldu ziren, egungo sailkatze probak telebista minutuak segurtatzen baitizkie, eta hori arriskuan legoke sistema berriarekin.

Bernie Ecclestoneri ez zitzaion gustatu FIAren mugimendua, eta formatu berria indarrean sartzeko eskaria egin zuen. Honek zalaparta galanta sortu du, lehen erabateko adostasunean harturiko erabakiaren inguruan orain bakoitzak iritzi desberdina baitu. Kontua da Sari Nagusi honetarako eztabaida berandu iritsi denez, ez dela ezer aldatuko. Hurrengoetarako pil-pilean izango da gaia. Guztiaren atzean kirol krisi kezkagarria dago; garaipena gidari gehiagoren artekoa nola egin.Momentuz Ecclestonek berak ere kontrola ezin dezakeen eguraldia da ikuskizuna gehien handitzen duena. Silverstoneko eguraldia iragartzeko zailenetakoa da, seguru dena lainotua izango dela. Euria bota edo ez, beste kontu bat da. Schumacherrek hamargarrena irabaziko ote duen beste bat. Eta bitartean, kontuz Montoyarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.