Iraupena. Partidarena, 29.59; jokoarena, 6.22.
Pilotakadak. 138
Saketik. Bengoetxeak zortzi eta bi falta; Irujok bat.
Pasak. Bengoetxeak alerik ere ez; Irujok bi.
Markagailua. 2-0, 2-1, 3-1, 3-2, 5-2, 5-4, 7-4, 7-5, 9-5, 9-9, 20-9, 20-10, eta 22-10.
Bestelakoak. Iruñeko Labrit pilotalekua goraino bete zen sanferminetako feriako lehen jaialdian. Apustuak 100-40ri irten ziren Irujoren alde.
Erritmo biziak badu alde txarra ere. Joko frenetikoa erroraino sustraitu da pilota profesionalean, eta atzo jokamolde horren alderdi iluna ikusi zen: presak. Xalak buruz buruko finala arriskatuz eta bizi jokatuz irabazi eta bost egun eskasera, Irujo Labriten labaindu egin zen Nafarroako lau t'erdikoaren finalean. Bengoetxea VI.a, aldiz, ez. Leitzarrak lau t'erdian inoiz baino biziago jokatzea erabaki zuen, aurkariak luze joka zezan saihesteko, eta Irujo arrastotik atera zuen, partida oso txar batean. Biek oso bizi jokatu zuten, itolarrian, lasterketa bailitzan —finalaren iraupena ez zen ordu erdira iritsi—; Bengoetxea VI.ak bihurguneak ondo eman zituen, eta Iberokoa, berriz, bide bazterrean gelditu zen.
Bengoetxeak sanferminetako lau t'erdikoa aurrenekoz irabazi zuen, eta nork jakin lau t'erdiko txapelketa nagusian duen ezinari aurre egiteko bidea eta jokamoldea aurkitu zuen. Berak onartu zuen arriskatzera irten zela, oso bizi eta motz jokatuz, Irujok agindu zezan eragozteko. Hasieran garesti ordaindu zuen, bi falta egin baitzituen lehen bost sakeetan, eta huts ugari partidako lehen zatian, baina erdi aldetik aurrera etekina atera zion.
Irujok partida oso kaskarra jokatu zuen, lekuz kanpo egon zen une oro, eta lanak asko erraztu zizkion Bengoetxeari. Iberokoak sei huts egin zituen jokoan, eta zortzi sake utzi zituen errestatzeke. Partidaren bukaeran aurkariak erabilitako piloten kexu zen; hala ere, bere jokotik oso urrun ibili zen. Ezker airean izan zuen arazoa, eta ez zuen batere gozatu; ez piloteoan luze jotzerakoan, ezta tantoa egiteko garaian ere. Bengoetxeak motzean jokatzera behartu, eta amua irentsi zuen (9-6). Leitzarrak jarraian egindako hiru hutsi esker Irujok partida berdindu zuen (9-9), baina hor hasi zen bere kalbarioa.
Bengoetxeak 11 tanto egin zituen jarraian, 20-9kora arte, eta partida erabaki zuen. Sorta horretan sei tanto egin zituen saketik, gehienak eraman beharrekoak, eta beste hiru sake-errematez. Irujo ezinean aritu zen, aurkaria ezin saihestuta. Amorruak ere ez zion lagundu. Ondo errestatu zuen aldi bakanetan Bengoetxeak aurrean nahastu zuen berriz, eta bi tanto egin zizkion paretan luze joz. Iberokoak partidako ezker gantxo on bakarrarekin eten zuen aurkariaren bolada (20-10), baina Bengoetxeak partida eskura zuen, eta oso bizkor egin zituen azken bi tantoak. Azkenekoa, nola ez, saketik.
Xalaren estreinaldia
Xalak gaur estreinatuko du buruz buruko txapela, Iruñean (22:15, ETB1), eta bere lehen partidan Olaizola II.a izango du aurkari. Lekuinekoak eta Pascualek Olaizola II.a eta Albisurekin neurtuko dituzte indarrak, B multzoko ligaxkako lehen partidan. Ataungo atzelaria da berritasun handiena; Asegarcek haren aldeko apustua egin du, eta gaurkoa da haren lehen partida udako torneo garrantzitsu batean.
Bengoetxea VI.a 22. Martinez de Irujo 10
Bizi bainoago, presaka
Final kaxkar batean, Bengoetxea VI.ak Irujoren erraztasunak baliatu ditu Nafarroako lau t'erdikoa irabazteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu