Bizia, gaiztoa, tentea, zaila

2008ko Vueltako ibilbidea aurkeztu dute. Angliru mamua igoko dute, bost urteren ondoren, eta beste lau etapa gaizto ere badaude. Erlojupeko bat eta kronoigoera bat ere jarri dituzte. Abuztuaren 30ean hasiko da, Granadan.

Andoni Urbistondo.
2007ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Angliru igoko dute, eta Angliruk hiru asteko lehiaketa bat baldintza dezake bere kabuz, profesionalek ordu erdi eskasean igotzen badute ere. Vueltak azken sei urteetan eduki ez duen pizgarria dauka: Espainiako mendate tenteena, mamuetan mamua. Normala, asfaltatuta egon eta %23ko pendizik daukan beste mendaterik ez dagoelako. 2002. urtean igo ziren azken aldiz Anglirura, eta 1999 urtean aurrenekoz. Datorren urtean laugarrenez igoko dute, eta aurreko hiru garaileen izenak errepasatuta, Asturiasko mendi hartan igotzaile trebeek bakarrik irabazten dutela jabetuko gara: Jose Maria Jimenez zenak irabazi zuen 1999an, Gilberto Simonik urtebete geroago, eta Roberto Herasek 2002an.

Abuztuaren 30ean hasiko da 2008ko Vuelta, Granadan, eta irailaren 21ean bukatu, Madrilen, ohi bezala. Hasiera berezia izango du, azken urteetan bezala: zazpi kilometroko taldekako erlojupekoa. Andaluziatik iparraldera egingo du ondoren, eta oso goiz itzuliko lehen erlojupekoa jokatuko da, bosgarren etapan, Ciudad Real hirian, eta 40 kilometroko saioa izango da. Ordokizaleek igotzaileak urruntzeko izango duten aukera bakarra izango da etapa hori. Ondoren, mendiak bereganatuko du arreta guztia.

Madrilgo aurkezpenean izan zirenek ibilbide menditsua nabarmendu zuten, eta ez zaie arrazoirik falta. Vueltako ibilbideko arduradunek hainbat muga dituzte etapak-eta prestatzerakoan, eta horietako bat komunikabideek egiten dituzten kritikak dira. Aurtengo Vueltan Zaragozan egin zen erlojupekoa luzeegia izan zela esan zuten, bakarkako diziplina horretan ongi moldatzen direnek mendiak egin zien kaltea baino onura handiagoa lortu zutela. Denis Mentxov errusiarrak, adibidez. 2008an 40 kilometrora jaitsi dute erlojupekoen kopurua. Beste 16 kilometro ere bakarka egingo dituzte txirrindulariek, baina Navacerradan gora, ez zelaian. Vuelta bukatu bezperan jokatuko da kronoigoera hori, eta gauza asko argitu ditzake sailkapen nagusiko lehen postuetan.



PIRINIOAK ETA ASTURIAS. Navacerradako saio erabakigarri hori baino bi aste lehenago hasiko dira mendate gogorrak Vueltan. Lehen asteburuan, irailak sei egun dituela, Andorrara iritsiko da itzulia, La Rabassa eski estaziora. Lehen aldiz helduko da Vuelta 2.050 metroko gain horretara, eta txirrindulariek Vueltako etapa luzeena egin ondoren (224 kilometro), atseden egunaren ondoren, eta mendiko lehen saioa. Rabassa gaina bi aldiz igoko dute, bata bestearen atzetik. Andorrara iritsi aurreko ibilbidea ere bihurri samarra da, gorabeheraz josia.

Pirinioetako bigarren etapa bukaera Pla de Beret gainean izango da, Aran haranean. Canto etzana, Enviny bigarren mailakoa eta Bonaigua bukaezina dira 8. etapako osagaiak, Bereteko bukaeraz gain. Ez da aldapa gogorra, baina irailean ez da gogortasun handirik behar txirrindulariak zigortzeko.

Pirinioetatik Asturias arte lau etapa korrituko dira, eta tropelak bigarren atseden eguna hartuko du. Trantsiziokoak dira saio guztiak, esprinterrak luzitzeko aproposak. Irailaren 13an iritsiko da zale askok espero duten eguna. Jendetza ikaragarria biltzea espero da Angliru mendatean eta inguruetan, jendea ikuskizun gosez dagoelako. Vueltako etapa nagusia, gogorrena izendatu dute antolatzaileek. 200 kilometro eskas ditu 13. etapak, eta Angliru baino lehenago ere mendate gaiztoak dituzte. Colladiella da haietako bat, eta Cordal bestea. Lehen mailakoak dira biak, eta luzeak ez, laburrak eta pikoak dira. Igoerak baino gehiago jaitsierak izan daitezke erabakigarriak. 1999. urtean Abraham Olano anoetarra Cordal jaisten jausi zen, eta saihets hezur bat hautsi zuen.

Angliruk aparteko analisia merezi du. 90eko hamarkada bukaeran inoiz igo gabeko aldapak edo mendate ezezagunak itzuli handietan jartzeko joera nabarmendu zen, eta Vueltako antolatzaileek Angliru aurkitu zuten Asturiasko zoko galdu batean. Hango artzainek abereak goi larreetara igotzeko pista zaharkitua zen jatorriz Angliru. Han azaldu ziren Unipubliceko kideak, eta erakunde ofizialek bidea asfaltatzea lortu zuten hara joango zen jendetzak xahutuko zuen diruaren usainean.

Datuek erakusten dute Angliru aldapa puska dela. 13,1 kilometro da luze, eta 1.255 metroko desnibela gainditzen du tarte horretan. Batez bestekoa kalkulatzea erraza da: %9,6. Desnibel hori baino deigarriagoa da, dena den, maldak %15eko pendizak gainditzen duela sarri. Kilometro batek %17ko desnibela dauka, eta azken zazpi kilometroetakoa ere astakeria da: %14,2ko bat dago, %13,6ko beste bat, %12,8koa...

Asturiasko bigarren etapa menditsuak ere zeresana eman dezake. Ez da Anglirukoa bezain gogorra, baina sei mendate ditu, azken biak lehen mailakoak: Colladona eta Fuentes de Invierno eski estazioa. San Isidro mendatetik heltzen da eski estazio horretara, eta San Isidro aintzat hartzeko moduko aldapa da: 14 kilometro eta %6,5eko batez besteko desnibela.

Asturiastik garbi egingo du bidea Vueltak hegoalderantz, Segovia eta Madril aldeko mendietara. Navacerrada eta Rascafria lehen mailako bi mendate igoko dituzte kronoigoeraren bezperan, eta etapa Segoviako harbidea hirutan zeharkatu ondoren bukatuko da.

Kronoigoerari Madrilgo etapa lasaiak hartuko dio txanda. 2008ko Vueltak 3.169 kilometro izango ditu, iraganean hiru asteko probetan egiten ziren 4.000 kilometroko mugarritik oso urrun. Azpimarratzeko modukoa da Vueltak 200 kilometroko muga gainditzen duen etapa bakarra daukala. Orotara 40 dira txirrindulariek igoko dituzten mendateak. Hiru maila berezikoak dira eta 13 lehen mailakoak. Lau dira mendi gainean bukatuko direnak.

Aurkezpenera bertaratu zirenen artean, irailean hirugarren postua lortu zuen Samuel Sanchezen hutsunea izan zen nabarmena. Izan ere, badirudi Vuelta ez dela asturiarraren helburu nagusietako bat izango hurrengo urtean, Tourra eta Pekingo Olinpiar Jokoak prestatu nahi dituelako batez ere. Sanchezen Euskaltel-Euskadi taldeko Igor Anton eta Mikel Astarloza kideak Madrilen izan ziren. Bi horiek Vuelta korritzeko asmoa dute, eta litekeena da Antonek talde buru lana hartzea. Horregatik, pozik mintzatu zen taldeko managerra, Migel Madariaga: «Gustukoa dut ibilbidea. Mendate asko daude, eta hori ona da Antonentzat, bera baino hiru igotzaile hobeagorik ez dagoela uste baitut. Horrek ez du esan nahi hiru onenen artean sailkatuko denik. Gaztea da, eta eramango duen talde indartsua eta erakutsiko dion laguna behar ditu bere alboan».

Caisse d'Epargne taldeko Eusebio Unzue kirol zuzendariak ere Vuelta irabazi nahi duenak derrigor igotzaile ona izan beharko duela iritzi zion. Unzuek aurten Mentxovek erlojupekoei esker irabazi zuela ukatu zuen: «Igotzen ere onenetakoa izan zen», esan zuen, eta faboritotzat jo 2008 Vueltarako ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.