Txirrindularitza. Italiako Giroa

Bizitza aldatuko dion garaipena

Taylor Phinneyk irabazi du Giroko erlojupekoa, eta lider jarri da; oso saio ona egin dute Bassok, Rodriguezek eta Kreuzigerrek

unai zubeldia
Donostia
2012ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
«Badakit larunbatean nire bizitza aldatzeko gai naizela. Nire urtea alda dezaket. Nire kirol ibilbidea bera. Gauero ari naiz ametsetan maillot arrosarekin». «Urteko hitzordurik garrantzitsuena» zen Taylor Phinneyrentzat (BMC) Giroko lehen erlojupekoa. Ez da erraza izango negu guztia 8,7 kilometroko erlojupeko motz bat prestatzen pasatzea. Hamar minutu dena erakusteko. Eskolako garaian bezala, etxeko lanak behar bezala eginda zeudela erakusteko hamar minutuko azterketa.

Presio handia zeukan estatubatuarrak atzoko saiorako, baina ez zuen hutsik egin. Herningen (Danimarka) hasi eta bukatu, 8,7 kilometroko erlojupekoarekin abiatu zen Giroa, eta etapa irabazteko faboritoetako bost sailkatu ziren lehen bost postuetan. Bederatzi segundo eskas atera zizkion Phinneyk Geraint Thomasi (Sky), hamahiru Alex Rasmusseni (Garmin), hamabost Manuele Boarori (Saxo Bank) eta 22 Gustav Larssoni (Vacansoleil). Eman beharrekoa zen saioa; gorputza bizikletaren egiturara egokitu, eta hamar minutu pasatxoan, ezker-eskuin mugitu gabe, haizeari aurre egin beharrekoa. Erakustaldi polita eman zuen estatubatuarrak.

Bederatzi kilometro eskaseko saiotik nekez atera daitezke ondorio sakonegiak. Baina uste baino alde handiagoak egon ziren faboritoen artean. Espero bezala, Marco Pinottik (BMC) lortu zuen denborarik onena (24 segundora), eta oso lan ona egin zuen Ryder Hesjedalek ere (Garmin), 29 segundora. Onetik Roman Kreuzigerrek (Astana), Ivan Bassok (Liquigas) eta Joaquim Rodriguezek (Katuxa) eman zuten, hurrenez hurren 36, 39 eta 43 segundo galduta. Tartean sartu zen Beñat Intxausti ere (Movistar), 42 segundora, eta lan ona egin zuen Rigoberto Uranek ere (Sky), 46 segundo galduta.

Txarretik, berriz, Domenico Pozzovivok (Colnago), Frank Schleckek (RadioShack), Damiano Cunegok (Lampre), Michele Scarponik (Lampre), Jose Rujanok (Androni) eta John Gadretek (Ag2r) eman zuten. 55 segundo eta 1.16 minutu artean galdu zuten. Juanma Garatek (Rabobank) ere ez zuen oso saio ona egin, 1.06 galduta; ezta Mikel Nievek ere (Euskaltel-Euskadi). 1.19 minutu galdu zuen leitzarrak.

Gainsarien borrokan sartuta, datozen egunetan liderraren maillota eskuratzeko helburua zeukaten esprinterretako askok, baina uste baino makalago ibili ziren gehienak. Mark Cavendish (Sky), Daniele Bennati (RadioShack) eta Thor Hushovd (BMC), esaterako, Phinneyrekiko 47 eta 49 segundora sailkatu ziren. Robert Hunter (Garmin) ibili zen esprinterren artean txukunen (28 segundora), baina gaurko eta biharko esprintetan nekez hartuko die aurre tropeleko txirrindularirik azkarrenei. Filipo Pozzatok (Farnese) eta Tyler Farrarrek (Garmin) ere saio ona egin zuten, baina urrutiegi daude gainsarien borrokan sartzeko. Phinneyrekiko 32 segundora dago italiarra, eta 36 segundora estatubatuarra.

Esprinterrentzat bi aukera on

Herningen hasi eta bukatu, bigarren etapa jokatuko da gaur, 206 kilometrokoa. Laugarren mailako koska txiki bat daukate tartean, igoera dela nabaritu ere egiten ez den igoera, 48 metrora egongo delako mendate pankarta. Danimarkan jokatuko da oso-osorik etapa, eta zuzenguneak, haizea, biribilguneak... etapa arriskutsua izango da igotzaileentzat. Haize-babesek eraginda, polita izango da ordekan hain abilak ez direnek atzoko galerari beste pixka bat ez gehitzeko izango duten borroka.

Biharko etapa ere antzekoa izango da. Horsensen hasi eta bukatu, 190 kilometro dauzka, eta bezperako zailtasun berbera, 159 metro besterik ez daukan laugarren mailako aldapatxo bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.