Bizitza osoa baloi baten bueltan

Jimmy Baronek aho bete hortz utzi ditu guztiak; jokalari ona da, baina baita gizaseme ona ere. «Saskibaloiak eman dit dena», dio, baina Donostiaraino ekarri duen bidean txundituta geratzeko moduko istorioak ditu.

Andoni Urbistondo.
Donostia
2010eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Jimmy Baron Junior da bere izen osoa (East Greenwich, AEB, 1986), jatorrizko Jimmy Baron aita baita. Erreferentzia onekin etorri zen Donostiara, baina taldeko entrenatzaileek arrastorik ez zuten eman zezakeenaz galdetuta. Itxaropena zuten, fitxaketa ona izango zelako, baina itxaropena hutsa zen. Hilabete bi pasatu dira Donostiara iritsi zenetik, eta nahikoa izan ditu ligako hiru partida denak aho bete hortz uzteko: entrenatzailea, haren laguntzaileak, kazetariak, zaleak... Jakina, ligako saskiratzaile onenetan hirugarrena delako, eta hirukoak saskiratzen trebea delako. Baina baita umiltasuna, lanerako grina makulu dituelako.

Nondik dator Baron? Non jokatu du? Nor da? 24 urteko gaztea da, baina bere bizitzak liburu bat idazteko ematen du, eta, noski, saskibaloi baloia da errotari buelta ematen dion osagaia. Jimmy txikiak gaztetatik zekien saskibaloi jokalaria izango zela. Ezin zuen bestela izan, aita saskibaloi entrenatzailea baitzen. Rhode Islandeko Unibertsitatean jokatu zuen, NCAAn, aita entrenatzailea zen taldean, eta han eta hemen aukera baten bila denbora luze ibili ostean. «Garai gogorra izan zen niretzat. Aitak inori baino gehiago exijitzen zidan niri, jendeak bere semea nintzelako fitxatu nindutela esaten zuelako, baina bere ahotik ikasi dut dena». Lau urte egin zituen aitaren aginduetara, eta semea-aita harremana kaltetu, baina hazi egin zen jokalari gisa. 17,4 puntu saskiratzen zituen partidako, eta hainbat marka ondu, baina hitz madarikatu batek itxi zion NBAko atea: undersized, jokalari txikia.

1,90 metro eskas da luzean, eta NBAko gihar oihanean zereginik ez, ez zuten draft-ean hautatu. Maleta bete, eta Turkiara egin zuen jauzi, Mersin taldera: «Gaizki pasa nuen hasieran. Inork ez zekien ingelesez, eta taldearen martxa ez zen onena. Zaleak oso sutsuak ziren, eta gauzak botatzen zituzten kantxara... Non demontre nengoen galdetu nion neure buruari!». Ez zen hori izan okerrena. Partida baten atarian, taldeko jokalari turkiarrek lepoa moztu zioten bildots bati, eta odolarekin kopeta busti zuten kantxa erdian, emaitza bolada txarra aldatzeko botika balitz bezala. Baronek ere bai.

Berarentzat hobetu egin zen egoera. Entrenatzailea aldatu, eta ondoen egiten dakiena egiten hasi zen: hirukoak sartu eta sartu. Hiru baino gehiago partidako, liga indartsuagoetako behatzaileen interesa pizteko nahikoa. Lagun Arorena, adibidez. «Eguerdi batean deitu zidaten, eta hiru ordura baiezkoa eman nien. Interneten begiratu nuen hiriaren berri jakiteko, eta aita Essie Hollisekin mintzatu zen, harekin jokatu zuelako institutuan -Hollisek Askatuak-en jokatu zuen-.

Baron pozik dago. Aita bisitan etorri zen abuztuan, eta ama, Billy anaia eta beste lagun batzuen bisita espero du laster. «Katolikoa naiz, eta elizak bisitatzea atsegin dut. Urgullekoa ederra da benetan». Ez du kexarik Donostiarekin: «Hiri garbia da, polita, eta klima Rhode Islanden dugunaren antzekoa da». Pintxorik ez omen du dastatu oraindik: «Ez didate uzten, koipe portzentajearekin oso zorrotzak dira medikuak. Ikasi dut, halere, jatun onak zaretela, eta pixkanaka arroza eta oilaskoa aldatzen hasiko naiz nire menutik». Golfa oso gustuko du -Handicap 12 dauka-, eta elkarrizketan jakin du Jose Mari Olazabal euskalduna dela.

Taldekideen loreak

David Doblas kapitainak BERRIAri esandakoa, denboraldia hasi aurretik: «Mutil honek ilusio handia piztu du. Jatorra da, umila, ez da berekoia, eta oso jokalari ona da». Andy Panko beteranoak ere antzera: «Anaia nagusi jardunean aritu naiz berarekin, eta oso jatorra da; ez duzue batere kexarik izango berarekin». Lander Lasa gazteak ere loreak bota dizkio: «Niri asko laguntzen dit. Mugimendu hau edo beste nola egin, jaurtiketa hobetu... zoragarria da, eta giro ona sortzen du».

«Pozten naiz halakoak esan badizkizute. Ni ere pozik nago. Iritsi eta lehen egunean zerbait jatera joan ginen, eta giro bikaina sumatu nuen». Besteen maisu izateko lana, natural ateratzen omen zaio: «Niri ere erakutsi egin zidaten, erakusten didate, eta nik ere bai. Ez da ezer kostatzen».

19,7 puntu partidako, 25 Menorcan, azken partidan. «Beti ez da horrela izango, ez naiz saskiratzaile peto-petoa, eta taldekideek etekina atera dezakete niri zaintza bikoitza egiten badidate. Berekoikeriak ez du gauza onik ekartzen». Baronek hirukoak jaurti baino askoz gehiago egiten du. Iaioa da barneraketetan, eta saskia txikitzen ere ez da makala. Lan saioetan taldekideen oihuak eragiten ditu: «Yoga egiten dut, gorputza zaintzeko», dio, barrez.

Baron Komunikazioko lizentziaduna da, baina ez da kazetaria: «Jendeari hitz egiten irakastea da nire lana». Ez du kexarik kazetariekin: «Oso onak zarete, ez didazue kritikarik egiten». Taldea hasi dela onartu du, baina zuhurtzia eskatu du: «Denbora gutxi daramat ACB ligan, baina nahikoa hemen gehiegizko konfiantzarik ezin duzula eduki jakiteko».

Kantxara bueltatu da, jaurtiketak egitera. Unibertsitatean 500 hiruko jaurtitzen zituen egunero, sarri, ilunpean. Sare metalikoak esaten zion asmatu zuen edo ez. «Begiak ohitu egiten dira iluntasunera, argi faltak konfiantza ematen dizu». Institutuan egin zuen kondaira ere haizearen abiaduran hedatu da. 102 hiruko jaurti, eta 100 saskiratu omen zituen: «Egia da, baina distantzia sei metrokoa da»». Ez da harrokeria, baloia kide banaezin duen artista baten esana baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.