Osasunaren aurreko zuzendaritzetako agintariak eguerdian hasi dira deklaratzen epailearen aurrean eta 23:00 aldera bukatu dute. Angel Bizkai kudeatzaile ohia, Patxi Izko presidente ohia, Diego Makirriain Osasuna Fundazioko presidentea eta Juan Pascual presidenteorde ohia aske utzi ditu epaileak, baina karguekin. Miguel Artxankori eta Txuma Peraltari buruzko erabakia larunbat goizean jakinaraziko du epaileak. Gaua polizia etxean pasatuko dute biek.
Osasunaren afera handitzen ari da azken orduotan. Atzoko hiru atxiloketei, goizean eginiko beste hiru gehitu behar zaizkie: Iruñeko polizia etxean zeudenean atxilotu dituzte Osasunaren lehendakari ohi Patxi Izko, lehendakariorde ohi Juan Pascual eta Osasunaren Fundazioaren zuzendari Diego Makirriain. Lehen biak poliziak deituta joan dira komisarira; azkena, bere kabuz aurkeztu da. Guztiak Fermin Otamendi epailearen aurrean daude, epaitegietan.
Osasunako egungo presidente Luis Sabalza epaitegietan izan da, eta iragarri du akusazio partikular gisa hartuko dutela parte auzian.
Auzia sekretupean dago, baina Ser irrati kateak hainbat informazioren berri eman du. Esaterako, Angel Bizkai gerente ohiak esan zuela sei partiden salerosketa egin zutela, 2012tik hasita. Valladolid, Betis, Getafe eta Espanyol taldeei eman zieten dirua, partida jakin batzuen emaitzaren truke. Irrati katearen arabera, auzian nahasturiko hainbat jokalariren izenen berri ere eman du Bizkaik. Besteak beste, Patxi Puñal eta Damia Abella Osasunako jokalari ohienak.
Atzo, lehen atxiloketak
Iruñeko 2. Instrukzio epaitegiaren aginduz, Espainiako Poliziak Miguel Artxanko Osasunako presidente ohia, Angel Bizkai gerente ohia eta Txuma Peralta zuzendaritzako kide ohia atxilotu zituen, eta gaua polizia etxean igaro dute. Era berean, atzo arratsaldean, Jose Manuel Purroy zuzendaritzako kide ohia polizia etxean izan zen, abokatuarekin. Epaileak sumarioko sekretua ezarri zuen, futbol taldearen kontu ekonomikoetan gutxienez falta diren 2,4 milioi euroak nora joan diren argitzeko. Ikerketa horren barruan, atzo poliziek Artxankoren, Bizkairen eta Txuma Peraltaren etxebizitzak miatu zituzten.
Espainiako Futbol Liga Profesionalaren (LFP) ikuskaritza baten arabera, Artxankoren zuzendaritzak ustez 2,4 milioi euro desbideratu zituen kontuetatik. Lehenik, partiden emaitzetan iruzur egiteko ustez erabilitako 250.000 euro daude. Bigarrenik, 2012-2013ko denboraldian Artxankok dietetan eta arrazoitu gabeko gastuetan kobratutako 72.000 euro daude. Hirugarrenik, Alberto Nolla eta Cristina Valencia higiezin arloko agenteei ustez ordaindutako 900.000 euro daude. Laugarrenik, Flefield sozietateari —Madeira uharteetan du egoitza— egindako 1,4 milioiko ordainketa bat dago. Osasunak kontratu bat izenpetu zuen Flefieldek jokalari gazteen jarraipena egin zezan, baina kontratuan ez da izenik ageri, eta Portugalgo Merkataritza Erregistroan ez da ageri nortzuk diren akziodunak.
Informazio hori jakinda, otsailaren 19an, Osasunaren egungo zuzendaritzak salaketa aurkeztu zuen. Fermin Otamendi epaileak hartu zuen bere gain ikerketaren ardura, eta behar bezala arrazoitu gabeko beste 1,3 milioi euro atzeman zituen: 3,76 milioi euro dira guztira, beraz.
Astelehenean, Futbol Liga Profesionaleko auditoria egin zuten bi perituak, Carlos del Corral eta Javier Espel, Iruñean izan ziren, epaitegian ordu eta laurdenez deklaratzen. Deklarazio horren ondotik etorri dira Poliziaren miaketak eta atxiloketak. Atxilotuei dirua bidegabeki eskuratzea eta partiden emaitzetan iruzur egitea egozten zaie. Irregulartasun salaketa horiek jendaurrean zabaldu zirenetik, Artxankok ez du adierazpenik egin.
Osasunaren salaketaren ondotik, LFPk beste salaketa bat aurkeztu du orain: partidetan iruzur egiteagatik diruaz bidegabeki jabetu izan direla eta norbanakoen ustelkeria delituak egin direla uste du. Ikerketa hori ere Iruñeko 2. Instrukzio epaitegiak hartu du bere gain. Osasuna oraindik ez da akusazio partikular gisa aurkeztu, martxoaren 12ko ezohiko batzarrean horri buruz erabakiko dutelako bazkideek.
Javier Tebas LFPko presidenteak nabarmendu du «oso prozesu garrantzitsua» dela hasi berri dutena. Gogorarazi du auditoriak eta horren harira Bizkaik egindako deklarazioak izan direla abiapuntua: «Ikerketak guk egindako lanean du oinarria». Bere ustez, gutxiengo baten praktikak dira horiek, baina «noizbait» gertatu behar zuen.
55 milioi euroko mailegua
Osasunak asteon kaleratutako informazioaren arabera, Nafarroako Kutxak 2000tik 2012ra 119 milioi euro mailegatu zizkion, eta zor horretatik 7,5 milioi euro pagatzea falta zaio. Osasunak ukatu egin zuen 2009an 55 milioi euroko mailegurik jaso izana, Espainiako Bankuaren txosten batek adierazi bezala. Diario de Noticias egunkariaren arabera, Espainiako Bankuak parlamentuari igorritako idatzian ez du ukatu 55 milioiko mailegua izan zela. Informazio konfidentziala dela besterik ez du esan. Lourdes Goikoetxea presidenteordeak atzo esan zuen ziur dagoela ez dagoela horrelako mailegurik.