Bizkaitarrak izan dira indartsuenak

Markina eta Adiskide ariko dira BERRIA txapelketako finalean, Uharteri eta Zugarralderi irabazi ostean

Erredakzioa
2008ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Asteburuan jokatu dira BERRIA txapelketako finalerdiak. Larunbatean, Munitibarren (Bizkaia), Markinak erraz irabazi zion Uharteri, kadete eta gazte mailako pilotarien jardunari esker. Igandean, Hernanin (Gipuzkoa), Galdakaoko Adiskidek Burlatako Zugarralderi irabazi zion, kanporaketa estua jokatu ostean. Lehen aldiz, horrenbestez, Bizkaiko bi talde ariko dira BERRIA txapelketako finalean.



MARKINA 52

UHARTE 40

KADETEAK: Arrieta-Aretxabaleta 22

Bendoiro-Mina 11

GAZTEAK: Perez-Etxeberria 22

Kortabarria-Garcia 7

NAGUSIAK: Urberuaga-Kastillo8

Ioldi-Linzoain 22



Bi zati nabarmen ezberdinak izan zituen kadeteen partidak. Uhartekoak aritu ziren lehen zatian ondo, eta Markinakoak urduri. Bendoirok tantoak amaitzeko duen erraztasuna erakutsi zuen lehen zati horretan. Bigarrenean, behera egiten hasi zen Mina. Saketik egin zituen tanto asko Arrietak, eta nagusitu egin zen atzeko koadroetan Aretxabaleta. Azken hori izan zen lau pilotarien artean onena.

Gazteen partidan Markinakoak ziren faborito, baina ez zen espero horrenbesterainoko alderik. Etxeberria seguru aritu zen, ohi bezala. Perez laguna, berriz, jaun eta jabe. Kontrarioek ez zuten inoiz euren benetako maila eman, eta hasiberritan Kortabarriak buruan hartutako pilotakadak izan zuen zeresana horretan. Perez izan zen lau pilotarien artean onena.

Kanporaketa erabakita zegoen nagusiak jokatzen hasi zirenerako. Uhartekoek bikote indartsuagoa dute, eta agerian gelditu zen hori. Linzoain jaun eta jabe izan zen atzeko koadroetan, eta Ioldik erakustaldia eman zuen tantoak aurrean bukatzen.



ZUGARRALDE (Burlata) 52

ADISKIDE (Galdakao) 57

KADETEAK:Tainta-Iraola II.a 8

Legorburu-Galarza 22

GAZTEAK: Jaunarena-Pazos 22

Elezkano-Egiguren14

NAGUSIAK: Iraola I.a-Landiribar 22

Urrutikoetxea-Ajuria21



Iraolaren eskuko minak erabaki zuen kadeteen partida. Haren mina eta Legoruburen sakeak tarteko, 12-2 jarri ziren irabazleak aurretik. Tainta jarri zen orduan atzelari. Tantoak luzatu ziren gehiago, baina partidaren joana ez.

Maila horretan ari diren bi aurrelari onenetakoek jokatu zuten elkarren kontra gazteetan. Jaunarenak ederki baliatu zuen Pazosen nagusitasuna markagailuan aurrera egiteko (11-3). Orduan hasi zen Elezkano jokoan sartzen. 16-14 jarri zuten norgehiagoka, baina Jaunarenaren beste ahalegin batek utzi zuen dena erabakita.

Nagusien partida izan zen jaialdiko onena. 17 tanto behar zituzten bizkaitarrek finalera sailkatzeko, baina nafarrak askoz hobeto hasi ziren (16-9). Asentatu zen Ajuria eta sartu zen jokoan Urrutikoetxea. 17raino joan ziren zuzenean eta finalerako sailkatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.