Konfirmatu da gaur goizean posible bezala ematen genuen albistea. BMW taldeak 1 Formula utziko du 2009 urte amaieran. Norbert Reithofer kontseiluko buruak eman du albistea. Taldearen emaitza txarrek eta munduak bizi duen krisi globalak eragina izan dutela aitortu du.
Munichen emandako prentsaurrekoan, Reithofer-ek adierazi du: "Oso erabaki zaila izan da guretzat. Baina gure konpainiaren estrategia birmoldatzeko bidean hartu beharreko erabakia izan da".
Beste arlo batzuetan puntan ibili nahi dute, baina 1 Formula dagoeneko ez omen da errentagarri, marketing neurrietan: "Aurrenak izatea mantengarritasuna eta ingurugiroarekin bateragarritasunean neurtzen da. Eta guk arlo horietan buru izaten jarraitu nahi dugu. Gure Strategy Number ONE programaren barruan, proiektu eta iniziatiba guztiak aztertzen ari gara etorkizuneko bidegarritasun eta mantengarritasunari begira. Eta hor, 1 Formula ez da horren erabilgarria".
Esker ona izan zuen Theissenentzat: "Mario Theissen gure kirol ihardueren arduradun izan da 1999az geroztik. Arrakasta asko lortu ditugu epe horretan, 1 Formulako batzuk tarteko. Nire eskerrik beroena agertu nahi diet Mario Theissen eta bere taldeari".
Theissenek berak, erabakia ulertzen duela gaineratu du: "Dudarik gabe, Hinwilleko eta Municheko langileok kanpaina zail honetan jarraitu nahi genuke, eta denboraldi hau kolpe txikia izan dela erakutsi, hiru urte sendoren ondoren. Baina ulertzen dut erabaki hau ikuspegi korporatibotik hartu dela. Orain gelditzen diren lasterketetan buru-belarri jarraituko dugu, gure lehiarako izpiritua erakutsi eta 1 Formulari emaitza on batekin agur esateko".
Klaus Draeger garapenerako arduradunak, Hinwilleko eta Municheko langileen etorkizuna ondo aztertuko duela gehitu du, jakinik jende asko dela eta haien etorkizuna erantzukizunez berregokituko dutela ziurtatuz.
1 Formula
BMWk 1 Formula utziko du urte amaieran
Taldearen emaitza txarrak eta munduak bizi duen krisi globala izan dira erabakia hartzeko gakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu