Txirrindularitza

Bolada harrigarrian jarraitzen du Movistarrek

Giovanni Visconti italiarrak (Movistar) irabazi du Giroko 17. etapa, Vicenzan, aurtengo bigarrena eta taldearen laugarrena. Crosara laugarren mailako mendateak eman du epaia.

unai zubeldia
2013ko maiatzaren 22a
18:03
Entzun

Nekaezin dabil Movistar taldea, eta nekaezin Giovanni Visconti (Movistar). Irabazi zuen Alex Dowsettek 8. etapako erlojupekoa; irabazi zuen Viscontik berak igandekoa, Galibierren amaitu zena; Beñat Intxaustik eman zuen kolpea atzo, Ivrean; eta Viscontik maisu lana egin du Vicenzan, Giroko 17. etapan. Bi etapa italiarrarentzat eta lau Movistarrentzat. Laugarren mailako igoera gogor samarra zeukaten zain txirrindulariek helmugara iristeko 17 kilometro falta zirenean, eta hortxe jo du erasoa Viscontik. Berehala atera ditu gurpiletik Danilo di Luca (Vini) eta Miguel Angel Rubiano (Androni), eta erlojupekoaren parekoa egin du handik helmugara iritsi arteko hamabost kilometroetan. Hogei segundoko aldearekin une oro, atzean inor ez da gai izan taldea ondo antolatzeko, eta erasoka, ez dira gai izan Viscontirenganaino iristeko. Hemeretzi segundoko aldearekin irabazi du azkenean. Tropeltxoan Ramunas Navardauskas (Garmin) izan da indartsuena; bitxikeria gisa, bi eskuak altxatuta helmugaratu da hura ere, aurretik beste inor ez zelakoan.

Sailkapen nagusian ez da izan aldaketarik, eta Vincenzo Nibalik (Astana) jarraitzen du lider. Bihar bai, bihar aldaketak izango dira, Mori eta Polsa artean 20.6 kilometroko kronoigoera izango dutelako. %10eko batez bestekoa daukaten aldapak ere badaude tartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.