Bolada ona etengo ote?

Xala-Laskurainek eta Olaizola II.a-Beroizek seigarren jardunaldiko lehen partida jokatuko dute gaur, Hendaian

jon eskudero
Donostia
2012ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Harmailak leporaino beteta daudela ekingo zaio gaur binakako txapelketako seigarren jardunaldiari, Hendaiako Beltzenia pilotalekuan (Lapurdi). Ez da gutxiagorako, ikusmin handia sortu baitu Xala-Laskurainen eta Olaizola II.a-Beroizen artekoak. Batetik, lapurtarrek euren buruz buruko txapelduna gertutik ikusi ahal izango dutelako; eta, bestetik, oso momentu onean dauden bi bikote lehiatuko direlako. Sailkapenean, lidergoan daude Asegarcekoak, partida alerik galdu gabe, eta bosgarren Aspekoak, hiru porrotekin. Ordea, estatistikek erakusten dutena baino dema estuagoa espero da.

Behetik gora egin dute nabarmen Xalak eta Laskurainek azken norgehiagoketan. Aurkezpen egunean eurengandik espero zena ematen hasi dira apurka-apurka. Kostatu zaie, baina esnatu dira. Lekuinekoa oso da trebea aurrean. Artista. Baina jokabide hotzagatik juzgatu izan da behin baino gehiagotan. Ausardia faltagatik. Gaurkoa bezalako neurketetan, baina, hazi egiten da. Gustuko ditu: «Liderren kontra jokatzeak motibatu egiten nau. Konfiantzaz beterik egin behar zaie aurre, eta halaxe kantxaratuko naiz, pilota gosez», zioen material aukeraketaren ondoren.

Xalak ongi daki zer esaten duen. Iaz Olaizola II.aren aurka jokatu zuen buruz buruko finala gogoratu besterik ez dago. Gauza asko zeukan kontra: aurrez eginiko prestaketa —apendizitisarekin egon baitzen—, markagailua, esperientzia... Baina irabazi egin zuen. Beraz, badaki zaila den lurretik uzta ona ateratzen. Erasorako kantxa aproposa da Beltzenia, eta bere ezker gantxoa baliatzen saiatuko da.

Atzelariak sasoiko daude

Etxetik gertu jokatzen duenez, zaleen babesik ez du faltako Xalak, eta Laskurainen laguntzarik ere ez. Berea ongi egiten duen atzelaria da Soraluzekoa. Azken partidetan frontisetik urrun ibili du pilota, eta sasoi onean dago. Hori bai, izango du bizkarra erakutsi baino lehenagoko lanik gaur: «Nire helburua Olaizola II.ari aurrean aukerako pilotarik ez uztea da. Hori lortuz gero, irabazteko aukera dezente izango dugu». Aurkarien maila ikusita, ez dio lan erraza jarri Laskurainek bere buruari.

Izan ere, bikote perfektua osatzen dute Goizuetakoak eta Beroizek. Edo hala osatu dute, bederen, orain arte. Begia non, pilota han jartzen du aurrelariak, eta Uharteko atzelariak apenas egiten duen hutsik. Joan den astean Irujo eta Barriola mendean hartu zituzten, eta inork ez dizkie hamabost tanto baino gehiago egin. Dena den, Olaizola II.ak uste du neurketa bakoitzean edozer gauza gerta daitekeela: «Lana gogotik egin beharko dugu irabazteko. Beti esan izan dut bikote ona osatzen dutela. Beraz, erne haiekin».

Dirua Asegarcekoen alde aterako da partida hasieran. Liderrek galduko al dute partidaren bat? Aspekoek lortuko al dute aurkarien bolada ona etetea? Beltzeniak erantzungo du gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.