Usain Boltek irabazi du gizonezkoen 200 metroko finala Munduko Atletismo Txapelketan, eta harentzat izango da urrezko domina distantzia horretan ere. Jamaikarrak 19,55 segundoan egin ditu 200 metroak, eta aise nagusitu zaio Justin Gatlini, bere arerio nagusiari. AEBetakoa bigarren izan da, 19,74ko denbora eginda. Anaso Jobodwana Hego Afrikako atletak eskuratu du brontzezko domina, eta haren denbora bera egin du Alonso Edward panamarrak (19,87).
Berriro ere frogatu du distantzia gogoko duela Boltek: 2008az geroztik, Munduko Txapelketa eta Olinpiar Joko guztietan irabazi du 200 metroko proban. Finalaurrean, 19,95ko denboran egin zituen Boltek 200 metroak, eta 19,87an Gatlinek.
100 metroko finalean ere urrezko domina lepotik zintzilikatu eta gero irabazi du Boltek 200 metroko proba. 100 metrokoan ere Gatlin izan zuen arerio. Gaurkoan, ordea, alde nabarmenarekin irabazi dio jamaikarrak.