Tourraren hirugarren etapa izan da gaurkoa. La Chataigneraie eta Tours artean egin da. 212,5 kilometroko ibilbidea egin behar izan dute txirrindulariek. Gaurko lasterketa, atzokoa bezala, trantsiziokoa izan da eta esprintean amaitu da.
Lasterketaren 27. kilometroan Erik Dekker (RAB), Rubens Bertogliatti (SDV) eta Nicolas Portalek (A2R) pelotoitik ihes egin dute. Helmugarako kilometro gutxi geratzen zirela Bertogliatti atzean geratu da eta beste bi iheslariak amaierarako hiru kilometro falta zirela harrapatu ditu pelotoiak.
Tom Boonen (Quick Step) belgikarra izan da etapako garailea, Robbie McEwen eta Stuart O´Grady australiarren aurretik. Azken metroetan Davitamon-Lotto taldeko McEwen ez da oso fin ibili. Helmugako azken metroetan O´Gradyren ondoan jarri, eta hari ukondokoak ematen aritu zaio eta azken hori desorekatzen saiatu da. Beraz, australiarra zigortua izan da eta klasifikazioaren azken postuan jarri dute zuzenean.
Bien bitartean David Zabriskie (CSC) estatubatuarrak jarraitzen du maillot horiarekin. Bi
segundura, bigarren postuan, AEBetako Lance Armstrong dago, azkenengo sei edizioen garailea.
Erregulartasunari dagokionez Boonenek jarraitzen du lider 70 punturekin eta O´Grady da bigarren 50 punturekin.
Mendiko sailkapenean, ordea, Erik Dekkerek lortu du lehenengo postua eta bigarrena, aldiz, Thomas Voeckler da.
Biharko etapa
Biharkoan Tours eta Blois artean egingo da Tourraren laugarren etapa. Erlojuaren kontrako froga izango da, baina taldekakoa. Ibilbidearen luzeera 67,5 kilometrokoa izango da.
Txirrindularitza / Frantziako Tourra
Boonen lehena; McEwen azkena
Tom Boonen izan da irabazle Frantziako Tourreko hirugarren etapan, esprintean. Txirrindulari belgikarrak erregulartasunaren maillot berdea eramaten jarraituko du. Azken metroetan McEwenek zikin jokatu du O´Gradyrekin. Tourreko epaileek txirrindulari australiarrari zigorra ezarri diote eta klasifikazioko azken postuan jarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu