Munduko 1 Formula Txapelketako bosgarren lasterketan beste garaile bat egotea, bosgarrena, ez zen ideia eroa, baina gidari hori Pastor Maldonado venezuelarra (Williams) izatea fantasia zirudien. Sergio Perez mexikarrak (Sauber) eskura izan zuen lehen postua Malaysiako Sari Nagusian, Fernando Alonsorekin (Ferrari) lehiatu ostean. Herenegun, Bartzelonan, Espainiako Sari Nagusian ere espainiarra izan zen garaipenik lortu gabe zegoen gidari bati aurre egin ziona, baina amore eman behar izan zuen. Arma guztiekin lehiatuta irabazitako lasterketa izan zen igandekoa, hasieratik bukaerara. Itzuli osoak osatu ondoren, Maldonadoren Williams autoa izan zen azkarrena. Iaz taldeak urte osoan lortutako puntuak baino bost aldiz gehiago jaso zituen igandean.
Aurtengo 1 Formulako Txapelketak ezaugarri bat dauka: ulertzeko oso zaila dela. Eta ezinezkoa da egungoa ulertu gabe etorkizuna igartzea. Denboraldiaren laurdena joan da, eta lasterketa guztiak erabat desberdinak izan dira. Williamsek zaila zuen iazkoa okertzea; beraz, espero izatekoa zen hobera egitea. Baina gauza bat da hobera egitea, eta beste bat pole-arekin batera lasterketa bereganatzea —epaileek Lewis Hamilton (McLaren) azken postura kondenatu ostean eskuratu zuen pole-a venezuelarrak joan zen larunbatean—. Hurrengo lasterketa Monakon jokatuko da, gainera, hilaren 27an; Williams eta Maldonado oso ondo aritu izan dira zirkuitu horretan. Baina aurten horrek ez du balio. Alonsok herenegungo lasterketa amaituta zioen bezala, haiek ere ez dakite Monakon aurrean ibiliko diren edota puntuetatik kanpo amaituko duten.
Txapelketa estua eta eroa
Txapelketa estu eta ero dagoela, Williamsen gisako talde batek irabaztea berri ona da. Gutxi dira hura bezain talde historikoak: bere burua oraindik ez dio autogile bati saldu, eta jabea ere ez du aldatu. BMWrekiko akordioa amaitu zuenean, 2005eko amaieran, gainbehera hasi zuen. Motorgile ahulekin elkartu zen, eta teknikoki hartu zuten bidea ez zen egokia izan. Iaz, egoerak hondoa jo zuenean, Adam Parrek aldaketa sakonak agindu zituen. Antolaketa eta teknologia berritu zituen, eta jende berria hartu. Cosworth utzi eta Renault aukeratu zuten motorgile. Red Bull txapeldunarena ere Renault da. Williamsek hori nahi duelako: irabaztea. Aurten izan behar zituen lehen emaitzak, nahiz eta agian ez zen halako moduan egingo zutenik espero. Bitxia da, hala ere, Adam Parrek taldea utzi izana urte hasieran.
Maldonadoren garaipena Williamsena da. Venezuelarrak zekarren diruagatik fitxatu zutela leporatu zioten. Baina Maldonado GP2 mailako txapelduna zen, eta igandean berriz erakutsi zuen bere balioa. Oraindik bere grina lasaitzen ikasi behar du, baina lasterketa baten garaile da. Zein irabaziko, eta Espainiako Sari Nagusia. Maldonadok Espainiako Sari Nagusia nazionalizatu zuen.
Hain sasoi eroan gezurra badirudi ere, bi gidari berdinduta daude buruan. Sebastian Vettelek (Red Bull) eta Alonsok ez dute espero zuten urte hasiera izan. Biek ala biek aurrean egotea espero zuten, baina ez horrela. Monakon urteko bigarren garaipena lor dezake bietako edonork. Edo Kimi Raikkonenek, edo Romain Grosjeanek. Baina inor ez da nagusi, jauzika doan txapelketa baitirudi. Norena ote hurrengo txanda?
Bosgarren izena: Maldonado
Williams taldeko gidari venezuelarrak lehen garaipena lortu du; Vettel da lider oraindik, Alonsorekin berdinduta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu