Eskubaloia

Bosgarren liga titulua lortu du Bera Berak, Zuazori 24-28 irabazita

Denboraldi gogor eta lehiatua izan du Donostiako taldeak: azkeneko partidan, Zuazoren kontrako derbian, azkeneko minutura arte borrokatuta, eskuratu du bere historiako bosgarren liga, urteari bukaera ederra emanda.

Bera Berako talde osoa, ligako titulua ospatzen, Zuazoren aurkako derbia irabazita. ARITZ LOIOLA / FOKU
ainara arratibel gascon
2018ko maiatzaren 25a
09:51
Entzun

Derbia zen, eta ez nolanahikoa. Bera Berak ez zuen ohorea edo partida bat soilik jokoan, urte osoan egindako lanaren emaitza gaur erabakitzekoa zen, liga bere eskuetan zeukan, eta ez du hutsik egin. Hasieratik agindu du markagailuan, eta Zuazokoak atzetik eraman ditu, baina azkeneko minutuetan bi goleko tartera gerturatu dira Barakaldokoak. Urduritasunei eutsi, eta bere lanean gogor jarraitu dute Donostiakoek, denboraldi guztian bezala. Azkeneko emaitza: 24-28 Bera Beraren alde. Derbia irabazi, denboraldia garaipen batekin bukatu, eta liga, poltsikora.

Urte zaila izan dute Bera Berako jokalariek, ligak oso lehia estua izan baitu. Bigarren jardunaldian Ro'Casaren aurka galdu zuen, eta hamargarrenean Aula Valladoliden aurka. Liga guztian hiru partida soilik galdu ditu, baina galdutako horiek estutu dute Donostiako taldea, Guardes eta Ro'Casa denboraldiaren parte handi batean aurretik ibili baitzaizkio.

Bukatu ere, estu bukatu da liga. Bera Bera lider izan da azkeneko jardunaldietan, baina Guardes puntuetara berdinduta eduki du, eta biek puntu kopuru berarekin bukatu dute liga: 46. Aldea donostiarren aldekoa zen, ordea: Bera Berak bi partidak irabazi zizkien galiziarrei. Bi garaipen horiei esker ere bereganatu du ligako titulua.

Zuazokoek estu hartu dituzte liderrak, gaur; Barakaldon jokatu dute partida, gainera. Bera Berak intentsitatea handiz hasi du partida, abiada biziarekin, erasora azkar igoz. 0-6 irabazten hasi dira, eta 7-12 zihoazela errentari eutsi diote. Atsedenaldian, ordea, Barakaldokoek hiru golera gutxitu dute errenta: 12-15.

Bigarren zatia estutuz hasi du, berriro, Montse Pucheren taldeak, eta 12-18 jarri du markagailua berehala. Aldeari eusten jarraitu dute donostiarrek, baina bukatzeko bost minutu falta zirenean, bi golera jarri dira Barakaldokoak. Azkeneko minutuetan bere kalitateari eta segurtasunari eutsi dio Bera Berak, partida irabazi ahal izateko. Zuazok, berriz, zazpigarren bukatu du liga.

Ligako kopa larunbat eguerdian jasoko dute, Donostian. Puche entrenatzailearentzat eta jokalari batzuentzat azkeneko agurra emateko momentua ere izango da, Oihane Gilek, Patricia Elorzak eta Estibalitz Velascok erretiroa hartuko dutela iragarria baitaukate.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.