Bosgarrenaren bila

Levanteri begirune itzela erakutsi arren, Ligako bosgarren partida jarraian irabazi nahi du Zigandak

2006ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Duela hilabete, Recreativoren zelaian 2-0 galdu ostean, jaitsiera postuetan ikusi zuten euren burua Osasunako jokalariek, denboraldi honetan lehendabiziko aldiz. Pattal hasi ostean, gain behera zihoazen, eta osasunazale batek baino gehiagok eskatzen zuen Jose Angel Ziganda entrenatzaile kargutik kentzea. Entrenatzaile karguan jarraitzea lortuz gero ere, Zigandak gabon zoriontsurik ez zuela izango uste zuten denek. Baina futbolak komeria asko izaten du, eta hilabetean Osasunaren gaitz guztiak zuzendu direla dirudi. Deportivo 4-1, Zaragoza 1-2, Mallorca 3-0 eta Vila-real 1-4 menderatu ostean, sailkapenean hamargarren da Osasuna, eta dagoeneko Europako postuei begira jarri da, lau puntura baititu. Berriro ere bolada txar bat edozein unetan irits daitekeenez, aldeko haizea baliatzen jarraitu behar dute gorritxoek, dena dela. Hurrengo biktima Levante izan daiteke, gaur. Zigandak laudorio ugari egin dizkio Lopez Caroren taldeari, norgehiagokaren zailtasunaz ohartarazteko asmoz. Baina jarraian bosgarren partida irabazi nahi dute Osasunakoek.

Azken partidetan golak sartzeko erakutsi duten erraztasunari eutsi beharko diote: UEFA aintzat hartuz gero, 19 gol sartu dituzte azken sei partidetan. «Ez da oso normala», onartu zuen atzo gorritxoen entrenatzaileak. Eta Zigandak ez du batere erraza ikusten Levanteren aurka ere batez besteko horri eustea: «Nahiago nuke tronpatu, baina uste dut gol aukera gutxiko partida izango dela, eta, ondorioz, ez dut uste gol askoko partida izango denik. Levantek oso ondo egiten du defentsako lana, eta zirrikitu gutxi utziko dizkigute. Egia da golak sartzea kostatzen ari zaiela, baina kontraerasoekin erne ibili beharko dugu, eta badakigu Levante aurkari arriskutsua dela: etxetik at jokaturiko zazpi partidetatik hiru besterik ez du galdu Levantek».

Hasierako hamaikakoaren inguruko arrastorik ez du eman Zigandak, eta Valdok hasieratik jokatuko duela soilik baieztatu zuen atzoko prentsaurrekoan. Ezohiko jokalariek Vila-realen eman zuten erakustaldiaren ondotik, hamaikakoa erabakitzeko lanak izango ditu Larraintzarko entrenatzaileak. Arazo bedeinkatua entrenatzaile batentzat. Vila-realen erabili zuen 4-1-4-1eko joko sistema errepikatzea ere ez zuen baztertu atzo Zigandak, baina badirudi Vila-realeko partida jokatu aurretik erabili ohi zuen taldearen antz handiagoa izango duela gaurkoak.

LOPEZ CARO, EZTABAIDAGAI. Levanterentzat hitz ederrak izan zituen Osasunako entrenatzaileak. Baina Levanteren arazo nagusia ere aipatu zuen: golak sartzeko arazo ugari dauka Juan Ramon Lopez Caro entrenatzailearen taldeak. Eta golik sartu ezean partidak irabaztea zaila denez, Levantek ez du emaitza onik lortu aspaldian. Osasunak Huelvan 2-0 galdu zuen egunean, Atletico Madrilek 0-3 irabazi zion. Harrezkero jokatu dituen lau jardunaldietan ez dute partidarik irabazi, eta hiru puntu besterik ez dute batu. Horri Kopan Atletico Madrilek kanporatu egin dituela gehituz gero, argi dago denboraldiko une zail batean daudela Lopez Caroren jokalariak.

«Klubean nagoen azken eguna arte lasaitasuna egotea eta jokalariei kalterik ez egitea eskatzen dut», hasi behar izan zuen Lopez Carok atzo, Osasunaren aurkako partida jokatu aurretik. Baina badaki zer daukan jokoan Nafarroako Erresuman: «Nire azken partida Osasunaren aurkakoa bada, agur, hori bada taldeak behar duen aldaketa, ados. Presidentearen erabakia da, dena den. Eta nik arreta guztia nire jokalariekin egin beharreko lanean jarri behar dut». Turroia jango ote zuen galdetu ziotenean, ironiaz erantzun zuen Lopez Carok: «Argi dago turroia jango dudala; horretarako baliabide ekonomikoak baditut, eta nire familiarekin pasatu nahi ditut festa egun hauek», esan zuen, Osasunari laudorioak esaten hasi aurretik.

Orain hilabete Zigandaren txanda zen, eta orain Lopez Carok dauka langabeziaren itzala ondoan. Hertzainak taldearen abestia futbolerako baliatuz: Nola aldatzen diren gauzak, kamarada!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.