Txapeldunen Liga irabazita, urte bikaina borobildu du Bartzelonak. 1-3 irabazi dio Juventusi, Berlingo Olinpiar estadioan. Kataluniako taldea nagusi izan da, baina dezente sufritu du bigarren zatian. Ezin hobeto hasi da partida Bartzelonarentzat; laugarren minutuan aurreratu dira Ivan Rakiticek sartutako golari esker. Lehen zati ona egin dute, baina ez dira norgehiagoka erabakitzeko gai izan.
Bigarren zatian oldarkorrago zelairatu da Juventus, eta ezustean harrapatu du Bartzelona. Alvaro Moratak 55. minutuan berdindu du neurketa, Marc-Andre Ter Stegen atezainaren aldaratzea probestuta. Aurretik jartzeko aukerak izan dituzte italiarrek, eta penaltia eskatu dute zalantzaz jositako jokaldi batean. Epaileak ez du ezer adierazi, eta minutu bat geroago Bartzelonarentzako gola sartu du Luis Suarezek (69. min). Juventusek ez du amore eman, baina ez da partida berriro berdintzeko gai izan. Luzapenearen ondarrean 1-3koa sartu du Neymarrek (96. min), Bartzelonako zaleen zoramenerako.
Espainiako Liga, Espainiako Kopa eta Txapeldunen Liga irabazi ditu sasoi honetan Luis Enriqueren taldeak. Bosgarrenez irabazi dute Europako lehiaketa nagusia.