Fernando Llorentek ez du Recreativoren kontra jokatuko. Aurrelari errioxarra jokatzeko moduan dago, baina Caparrosek jokalariari atseden ematea erabaki du. Ez da komeni behartzea. Ez baita ahazterik komeni hiru aste barru Espainiako Kopako finalerdiko itzuliko partida jokatu beharko duela talde zuri-gorriak.
Norgehiagoka horretan Athleticeko jokalari nagusia falta bada, berez nekeza dirudien lehia are eta gaitzagoa izango da Athleticentzat.
Fernando Llorentek ez du jokatuko. Ez eta Valladoliden aurkako partidan hasierako hamaikakoan egon ziren beste lau jokalarik ere: Ustaritz min hartuta dago, Koikili ez dago sasoi betean, Yeste zigortuta dago -txartelak tarteko- eta Susaetak aulkitik ikusi beharko du gaurko lehiaren hasiera. Horrenbestez, bost izango dira berritasunak: atzealdean, Amorebieta eta Balentziaga izango dira. Zumarragarra ezker hegalekora bueltatuko da, luzaroan bere ohiko postuan jokatu barik egon ostean; zelai erdian hegaleko biak izango dira berriak. Gabilondok eta David Lopezek izango dute aurkariaren armiarma sarea zulatzeko ardura. Aurrean, berriz, ez dago argi zein izango den Llorenteren ordezkoa. Caparrosek hiru aukera ditu: Toquero, Etxeberria eta Garmendia. Gasteiztarrak Llorenterekin egiten duen antzeko jokoa egiteko aukera emango dio teknikariari; Etxeberriak bizitasuna eta esperientzia emango dizkio Athletici, eta Garmendiak joko landuagoa egiteko aukera eskainiko du. Gaur zelairatzen den jokalariaren arabera, era batekoa edo bestekoa izan beharko du Athleticen jokoak.
Fernando Llorentek ez du jokatuko, baina horrek ez du esan gura Athleticek jokatuko ez duenik. Errioxarra taldeko jokalaririk garrantzitsuena da. Bere inguruan sortzen da zuri-gorrien erasoko joko ia guztia. Hori gutxi balitz, defentsan ere asko laguntzen du. Beraz, baja nabarmena izango da. Baina Athletic Llorente baino gehiago da. Izan beharko luke behintzat. Aurrelariak taldean pisu gutxi zuenean ere aurrera egin zuen Athleticek. Caparrosek futbolari bikainak ditu bere aginduetara. Eta San Mames dauka. Espainiako Ligan talde gutxi egongo dira hamabostero zuri-gorriek izaten duten babesa izaten dutenak -ba al dago talderen bat?-. Hori gutxi balitz, aurrean izango duen aurkaria ere ez da punta-puntakoa. Recreativo Athletic baino gutxiago da.
Baina horrek ez du esan gura norgehiagoka samurra izango denik. Gaur aurrez aurre izango diren taldeek ez dute zerikusirik sasoi hasieran hiru aldiz elkarren aurka jokatu zuten bi talde haiekin -Espainiako Ligan behin, eta Kopan beste bitan-. Bi taldeek hobetu dute. Athleticek sekulako saltoa egin du. Azken hiru hilabeteotan emaitza onentsuenak eskuratu dituen taldeen artean dago. Eta Recreativoren hobekuntza ez da horren nabarmena izan, baina Lucas Alcarazek taldearen ardura hartu zuenetik, aurrerapauso txikiak baina etengabeak eman ditu.
Talde langilea eta antolatua
Alcaraz ederto ari da aprobetxatzen bere eskura dituen baliabide guztiak. Camuñas da taldeko izar nagusia, baina Recreativo talde ezeroso bihurtu duten ezaugarriak ez dira jokalarien kalitatean oinarritzen. «Recreativoren aurkako partida oso gaitza izango da. Etxetik kanpo oso ondo ari da jokatzen. Azken bi partidetan emaitza onak eskuratu ditu, Espanyolen eta Racingen kontra. Talde langilea da, eta ondo antolatuta dago», adierazi du Caparrosek.
Athleticek pazientzia izan beharko du, Aitor Tornavaca eta enparauak mendean hartzeko. Ez dago sekretu handirik. Aurkaria atzean sartuko da. Lerro guztiak elkarren ondoan baditu, gaitza izango da zuloak aurkitu eta aukerak sortzea. Baina horrek ez du esan gura zuri-gorriek itsutu egin behar dutenik. Athleticek lotsagabe aurrera egitea da Recreativok gura duena. Bezperan bere taldea motibatzen ahalegindu zen Caparros. «Oso partida garrantzitsua da guretzat». Arrazoia dauka. Irabaziz gero, jaitsierako postuetatik urrun jarraituko dute zuri-gorriek. Galduz gero, berriz, atzekoak gerturatu egingo dira. Erdibidean egotearen kontuak.
Bost aldaketarekin
Joaquin Caparrosek deialditik kanpo utzi du Fernando Llorente, aurrelaria min hartuta baitago, eta ez baitu arriskatu nahi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu