FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. BIGARREN MAILA

Bost euskal talde Lehen Mailan?

Eibarrek eta Alavesek igoeraren ateak zabalik dituzte azken hamaHiru jardunaldien atarian

Jon Rejado.
GASTEIZ
2005eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Zer gertatuko litzateke heldu den sasoian Espainiako Ligan Lehen Mailako taldeen laurdena Euskal Herrikoa balitz? Orain dela sei jardunaldi, Alaves eta Eibar sailkapenaren lehen bi postuetan zeudenean, jende askok galdera hori egin zion bere buruari. Bi taldeen ibilbideak ikusita eta aurreko denboraldietan gertatutakoak kontuan hartuta, biek ere igotzeko aukerak dituzte. Azken jardunaldietan Alavesek huts gehiegi egin ditu. Eibarrek, aldiz, sendo jarraitzen du bigarren postuan, denboraldiaren hasieran ametsa zena egia bihur daitekeela berretsiz.

Bigarren Mailako Liga bukatzeko hamahiru jardunaldi falta direnean, igoeragatik borrokatuko duten taldeak aldea handitzen hasiak dira. Sei talde daude lehia horretan buru-belarri sartuta. Lehen hiru postuetan dauden taldeez gain, Celta, Eibar eta Cadiz, igoera postuetan egotea zer den badakiten beste hiru talde daude. Elxek, Recreativok eta Alavesek puntu bakarreko aldea dute elkarren artean. Apur bat atzerago Valladolid, Gimnastic eta Xerez daude. Gorantz bultzatuko dituen bolada gozoaren zain.

Boladak garrantzi handikoak direla agerian gelditu da denboraldi honetan. Aurrekoetan nagusitasuna inposatzen zuten taldeak bazeuden ere, oraingoan talde asko pasatu dira igoera postuetatik. Baita lidertzatik ere. Euskal taldeak dira horren adierazlerik garbienak. Eibarrek azaroaren bukaeran, abenduan eta urtarrilaren lehen bi asteetan bi puntu baino ez zituen lortu; sei postu galdu zituen. Alavesek ere, bigarren itzuliko lehen sei jardunaldietan ez zuen punturik lortu. Horren ondorioz lidertzatik zortzigarren postura erori zen.

Bolada txar horretan luze hitz egin zen Eibarrek zituen arazoen inguruan. Taldeak, ordea, bizkarra eman zien ahots kritikoei etakonfiantzabereganatu du azken jardunaldiotan. Joseba Llorenterekiko menpekotasuna aipatu zen. Jardunaldiak pasa ahala, baina, talde peto-petoa dela erakutsi du. Jokalari guztien parte-hartzeari esker irabazten du. Mendilibarren inguruko zurrumurruak agertu dira azken egunetan. Eibarrek, aldiz, partidak irabaziz erantzun die esamesei: «Aurten hobeto eta okerrago egon gaitezke, baina taldea ez da lasaituko», azpimarratu zuen Antonio Karmonak Berrian. Orain arte, zelaian islatu dute taldearen berezko grina.

Alavesek, bigarren itzuliaren hasieran galdutako aukera apartaren oihartzuna entzun daiteke oraindik Mendizorrotzan. Halere, taldeak indarberrituta dagoela erakutsi nahi du behingoz. «Erorketa askea» gelditu dela adierazidu Josu Sarriegik, eta, ondorioz, taldeari gora egitea baino ez zaiola gelditzen.Azpimarratzekoa da Alavesen bolada txarra lesionatuak eta zigortuak pilatu zirenean heldu zela. Horrek zalantza pizten du: Egoera errepikatko balitz? Maila handiko jokalariak ditu Chuchi Cosek eskura, baina ez du talde izaerarik eratu. Dena den, edozertarako gai dela erakutsi du Alavesek, eta hori laster erakutsi beharko du. Hiru aurkari zuzen izango ditu datozen bost jardunaldietan, Cadiz, Xerez eta Eibar. Eibarrek, bitartean, aurkari zuzenak apurka-apurka hartuko ditu. Gorabehera gehiegi ez izateko aukera ezin hobea.Igotzeko aukerak dituzten gainontzeko taldeek haien bolada txarrak gainditudituzte, baita maila handikoak diren beste batzuk ere. Halere, eta azken jardunaldietan agerian gelditu denez, ez dago talde garaitezinik. Celtak eta Cadizek, sendo jokatu arren, partidak gal ditzaketela erakutsi dute, eta irregulartasun horrek azpiko taldeei itxaropena mantentzen laguntzen die. Jose Manuel Esnal Mane Alaveseko entrenatzaile ohiak gustukoen zuen esaldietako bat honakoa zen: «Azken sei jardunaldietara etxeko lanak eginda heldu behar dugu orduan erabakiko baita nota». Etxeko lanak eginda edukitzea, lehen hiru postuetan ez bada, bertatik oso gertu egotea da. Notari dagokionez, Lehen Mailara igotzea ez den guztia gutxiegi litzateke. Batez ere Alavesen kasuan, hori baita helburu bakarra.Bigarren Mailan, azken sei jardunaldietan goian dauden taldeek ez dute huts gehiegirik egiten, azken denboraldietan ikusi takoaren arabera. Estatistika kontuan hartuta, lehen hiru postuetan ez bada, bertatik oso gertu heldu beharko dute euskal taldeek ligako azken txanpara. Getafek ezustekoa eman zuen joan den denboraldiko azken jardunaldietan. Liga osoan lehen postuetatik gertu mantendu ondoren, eta lau jardunaldi falta zirela, igoera postuetan sartu zen. Azken lau partidetan joko mailari eutsi zion, igoeraren uzta aberatsa jaso aurretik.Bi euskal taldeek tentsio handiari egin beharko diote aurre. Burua argien mantentzen duenak mailaz igotzea lortuko du. Gelditzen diren jardunaldietan sei partidako bolada txarra izatea onartezina da. Halere, goian dagoen talderen batek tentsioa eta konfiantza galtzen badu horrelakorik gerta dakioke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.