Bost urteko 'diktadura'

Orain bost urte titulua irabazi zuenetik, inor ez da gai izan Viswanathan Anandi munduko txapela kentzeko. Vladimir Kramnikek, Veselin Topalovek eta Boris Gelfandek haren aurrean amore eman dute.

Josu Tornay.
Donostia
2012ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
FIDE Nazioarteko Xake Federazioaren sailkapenaren arabera, Viswanathan Anand (Madras, India, 1969) ez da munduko jokalaririk onena —Magnus Carlsen norvegiarra da lehena, eta Anand laugarrena—, baina argi dago oso zaila izango dela hari txapela kentzea. 2007an Mexiko Hirian Munduko Txapelketa irabazi zuenetik —zortzi jokalariren arteko lehian nagusitu zen—, inor ez da gai izan hari irabazteko munduko koroa jokoan egon denean.

Vladimir Kramnik izan zen lehena hari desafioa egiten. Errusiarra eta indiarra 2008an izan ziren aurrez aurre Bonnen (Alemania). Estu, baina Anandek txapelari eutsi zion, 10-9 irabazita. Bi urte geroago, Veselin Topalov bulgariarra izan zen indiarraren nagusitasuna kolokan jartzen saiatu zena. Alferrik, etxean jokatu arren —Sofian jokatu zen txapelketa—, amore eman behar izan zuen Ananden aurrean. 6,5-5,5 nagusitu zen indiarra.

Boris Gelfand izan da azkena Ananden diktaduraren aurka matxinatu nahi izan duena, Moskun, maiatzaren 11tik 30ra bitartean. Gertu izan du helburua israeldarrak, seina berdindu baitzuten buruz burukoan. Berdinketa hausteko partida erdi azkarretan eta azkarretan, baina, indiarrarentzat izan zen garaipena. Beraz, hirugarren aldiz eutsi dio munduko txapelari.

Txapelari eustea begi artean

Anand azkenaldian ari da nabarmentzen inoiz baino gehiago. Izan ere, hura eta haren belaunaldiko beste hainbat jokalari bikain Anatoli Karpov eta Garri Kasparoven itzalean izan ziren urte askotan, eta, xakeko bi munstro horiek txapelketetan parte hartzeari utzi zioten arte, ez zuten izan benetako aukerarik munduko txapeldun izateko.

Ananden kasuan, hala ere, zehaztapen bat dago egin beharra. Indiarrak bost urte daramatza munduko txapeldun gisa, baina tarte horretan jokatu dituen beste torneoetan ez du lortu emaitza aipagarririk. Munduko txapelari eustea besterik ez du buruan, eta hori lortzera jartzen ditu bere indar guztiak. Ikusteko dago zenbat denbora gehiagoz eutsiko dion txapelari. Kramnik, Topalov eta Gelfand makurrarazi ditu 2007tik hona, baina kostako zaio denbora askoan bere diktadurari eustea, gazteak gogotsu baitatoz, eta txapela irabazteko lehengaia sobera baitute. Carlsen (21 urte) eta Levon Grigor Aronian armeniarra (29 urte) dira gaur-gaurkoz indiarraren lekukoa hartzeko hautagai nagusiak. Lehena eta bigarrena dira FIDEren sailkapenean. Haiena da etorkizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.