Miami 2-0 aurreratu da NBAko Ekialdeko Konferentziako finalean, eta pauso garrantzitsua eman du bigarrenez jarraian final handia jokatzeko. Bostonek gogor egin zion aurre bigarrenean, eta luzapena behartzea lortu, baina oreka hausteko bost minutuko tartean, Miami fisikoki askoz talde indartsuagoa dela ikusi zen, eta 115-111 nagusitu zen. LeBron James izan zen Miamiko onena, berriro, 34 puntu, hamar errebote eta zazpi asistentzia lortuta.
Partida, dena den, Bostoneko Rajon Rondo joko antolatzaileak egindako lan bikainagatik gogoratuko da. Rondok bere ohiko lan txukuna egin zuen errebote eta asistentzien arloan —hamar eta zortzi, hurrenez hurren—, baina puntuak sartzen ere erakustaldia eman zuen: 44 puntu sartu zituen, eta jaurtiketetan maila ikusgarria eman. Kanpoko jaurtiketak izan dira, hain zuzen ere, Rondoren muga handiena, eta hori gainditzen badu, NBAko onena bilakatuko da urte pare batean. Rondok hau esan zuen partida bukatuta: «Galdu egin dugu, horrek balio du. Beste guztiak ez».
Bostonek eskura zuen partida galdu du, Rondok 44 puntu sartuta ere
Bostonek harrikara bota du 15 punturen aldea, eta Miamik 115-11 irabazi dio luzapenean; 2-0 jarri da aurretik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu