Bradley Wigginsek lidergoa sendotu du Dauphinen, erlojupekoa irabazita

Ingelesak 38 segundo ateratzen dizkio Martini, 1.20 Rogersi, 1.38 Chavaneli eta 1.44 Evansi

Erredakzioa
Donostia
2012ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Paris-Niza eta Romandiako Tourra irabazita eta Dauphineko lehen etapetan nabarmenduta nahikoa erakutsi izan ez balu bezala, Bradley Wiggingsek (Sky) gaur-gaurkoz tropelean sasoi onenean dagoen txirrindularia dela utzi zuen agerian atzo, Dauphineko laugarren etapa irabazita, 53,5 kilometroko erlojupekoa. Irabazi egin zuela gutxi esatea da, sekulako erakustaldia eman baitzuen erlojuaren aurkako lehian. Helmugan lortu zituen aldeei erreparatu besterik ez dago: 34 segundo atera zizkion Tony Martini (Omega Pharma-Quick Step), erlojupekoa irabazteko faborito nagusiari; 1.11 Michael Rogers taldekideari; 1.25 Sylvain Chavaneli (Omega Pharma-Quick Step); 1.43 Cadel Evansi (BMC); 2.12 Jurgen Van den Broecki (Lotto); 3.12 Denis Mentxovi (Katuxa); 3.30 Vincenzo Nibaliri (Liquigas)... Askoz atzerago sailkatu zen Samuel Sanchez (Euskaltel), 7.26ra, eta are atzerago Andy Schleck (RadioShack), 10.47ra —erori egin zen lehenbizi, eta gurpila zulatu zitzaion gero—.

Atzoko erakustaldiari esker, Wigginsek lehen postua sendotu du, eta aurkariekiko aldea handitu du. 38 segundo ateratzen dizkio Martini, 1.20 Rogersi, 1.38 Chavaneli eta 1.44 Evansi. Oraindik hiru etapa falta dira jokatzeko, mendiko etapak hirurak, biharkoa batez ere, baina Sky taldeko ingelesak egundoko txakalaldia izan beharko luke Dauphineko podiumeko koska gorenera ez igotzeko. Frantziako Tourra hasteko hiru aste falta direla, inor gutxik jartzen du zalantzan Wiggins hautagai sendoa dela Parisera maillot horiarekin iristeko. Inoiz ez da podiumera igo —2009an lortutako laugarren postua da haren emaitzarik onena—, baina aurten badirudi goia jotzeko prest dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.