«Niri ibilbideko egunik gogorrena izan da». Janez Brajkovicek (Astana), atzo jokatu zen Kataluniako Voltako hirugarren etapako irabazleak, hala laburbildu zuen pasatu berri zuen kalbarioa. Euriak eta hotzak heroi bilakatu zituen txirrindulariak, eta antolatzaileek bertan behera utzi behar izan zituzten azken 50 kilometroak. Ibilbide aldaketa nabarmenaren ondorioz, antolatzaileek etapako denborak sailkapen nagusirako kontuan ez hartzea erabaki zuten. Hortaz, Michael Albasinik (Greenedge) jarraitzen du lider.
Etapa epikoa izan zen, eta parte hartzaile asko jaitsi ziren bizikletatik: 33 guztira. Brajkovic eguneko ihesaldian zegoen sartuta helmuga AscotikCanturrira, 155. kilometrora, aurreratu zutenean. Iheslariek itsu-itsuan egin zuten esprinta, ez baitzekiten zehazki zein zen helmuga. Lehia horretan Michael Golas (Omega) izan zen bigarren, eta Mikael Cherelen hirugarren (Ag2r). Denborak kontuan hartu izan balira, azken hori zatekeen lider, zortzi minuturen aldea zutelako tropelarekiko. Helmugan txirrindulari askok antolatzaileak kritikatu zituzten, etapa lehenago bertan behera ez uzteagatik. Gaur laugarren etapa jokatuko da, Asco eta Tremp artean (199 kilometro).
Brajkovicek etapa epikoa irabazi du Kataluniako Voltan
Etapako denborak ez dira kontuan hartuko sailkapen nagusirako, elurraren erruz ibilbidea laburtu egin baitute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu